Ximon Villalobos: "Behobia-Donostia kenduta, podium guztietara igotzea lortu dut lasterketetan"

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 12a

Ximon Villalobos herritarra, pistako lasterketa batean taldearen buruan. Arg.: Mariela Larraz.

XIMON VILLALOBOS ALVAREZ ABIADURA PATINATZAILEA

Denboraldia orain dela bi asteburu amaitu zuen Ximon Villalobos Alvarezek (Lasarte-Oria, 2005) Tolosako Indoor Sarian. Dena den etenaldi laburra egin du patinatzaileak: "Astebetekoa. Udaran egiten dugu hilabeteko geldialdia". Beraz, datorren sasoia prestatzen hasi da dagoeneko. Harekin egon gara urteko errepasoa egin eta hurrengoaren gainean solasean

Zer-nolako irakurketa egiten duzu aurtengo denboraldiaz?

Orokorrean, denboraldiaren balorazioa positiboa dela esango nuke. Nire buruari jarritako helburu gehienak bete ditut, eta ikusi dut iaztik hona hobetzen jarraitu dudala, eta azken finean hori da garrantzitsuena. Hala ere, aurtengo denboraldiak izan ditu momentu gogorrak ere, Liga Nazionala izan da zalantzarik gabe nabarmenena.

Pertsonalki, emaitzen artean ekainean jokatutako P2P maratoian lortutako 8. postua (01.07.56) nabarmenduko nuke. Mundu mailako patinatzaileen artean lehian aritzeko aukera izan nuen, eta Nolan Beddiaf munduko txapeldun eta probaren irabazlearen denboratik hiru minutu eta bi segundo eskasera iritsi nintzen helmugara. Oso harro geratu nintzen egindakoaz eta konfiantza handia eman zidan nire buruarengan gehiago sinesteko.

 

"Nire buruari jarritako helburu gehienak bete ditut"

 

Abiadura patinajean txapelketa ugaritan izan zara lehian. Bakarka Espainiako edo Euskadiko txapelketak jokatu dituzu eta bigarrenean lehen postuetan izan zara. Nola joan ziren lehiaketak?

Egia esan aurtengo Euskadiko txapelketak ez dira helburu izan. Urte hasieran Espainiako lehiaketetarako sailkatzeko irizpidea aldatu zuten eta beraz ez nuen bertan ondo aritzeko beharrik, beraz emaitza haiei ez diet inongo garrantzirik ematen, ez bainituen bereziki prestatu eta ez nuke esango emaitzak aipagarriak izan zirenik ere.

Udaberrian xede nagusia pistako eta zirkuituko Espainiako txapelketetan distantzia luzeko probetan ondo aritzea zen. Helburu errealista gisa proba hauetan lehen hogeiren artean sailkatzea jarri nion neure buruari, eta zorionez hau lau probetatik hirutan bete nuen, bi 18. postu eta 15. postu bat lortuz, beraz egindakoarekin oso kontent. Senior kategorian bigarren urtea izan bada ere, oraindik exijentzia maila altuago honetara ohitzen ari naiz eta hurrengo urteari begira, Espainiakoetan probaren batean lehen hamar postuetan sailkatzea gustatuko litzaidake.

 

Irristaka taldeko Ximon Villlalobos herrritarra (gorriz), pistako lehia batean. Arg.: Mariela Larraz.

 

Euskadiko Openean ere bigarren postuan zaude. Espero al zenuen?

Bai, hala da, azken jardunaldiaren faltan bigarren postuan nago Julen Urkizar taldekidearen atzetik. Hala ere, Euskal Openaren helburua, euskal taldeetako haurrek lehiatzeko aukera izatea da eta helduen lasterketak erakusketa moduan antolatuta daude, beraz, sailkapen bat badago ere, ikusgarritasuna da bilatzen duguna, haurrak kirolera erakartzeko helburuarekin. Horregatik, sailkapena nahiko anekdotikoa izaten da azken finean.

Taldeka Espainiako Ligak denboraldia gazitu duela aipatu duzu...

Aurtengo beheraldi zakarrena izan da nire ustez. Azken bi urteetan hirugarren mailatik hasita lehen mailara igotzea lortu genuen, eta Irristakarentzat izugarria izan zen lorpen hura. Dena dela, urte hasieran hiru patinatzaile bakarrik ginen ligan parte hartu behar genuenak, taldea ateratzeko kopuru gutxienekoa, gainerako taldeek proba bakoitzean espezialistak diren patinatzailez osaturiko taldeak zituzten bitartean.

Oso zaila egin zaigu maila ematea, batez ere abiadurako probetan, eta ondorioz jaitsiera postuetan amaitu dugu liga, bederatzigarren postuan hain zuzen.

Pertsonalki asteburu zailak izan dira Gijonekoa (Asturias) eta Paiportakoa (Valentzia), abiadurako proba asko korritu behar izan baititugu eta emaitzak ez dira onak izan, psikologikoki oso gogorra izan da hori.

Hurrengo denboraldiari begira, ordea, ligarako ilusio handia dut. Ligan hiru patinatzailerekin lehiatzea ezinezkoa zela ikusirik, Barañaingo Lagunak taldearekin batu gara eta hurrengo bi denboraldietarako talde potente bat osatu dugu. Beraz, datorren urtean beste kolore batzuekin soinean, baina lehen mailan ariko gara berriro ere, oraingo honetan postu polit bat lortzeko aukerarekin.

Lasterketa ugaritan ere parte hartu duzu eta podiumean izan zara Antxintxikan, 15K proban, Gaintza edo Aubisquen. Lehen postuetan egotea aurreikusten zenuen?

Sekulako zortea dugu gure inguruan errepideko lasterketa ugari ditugulako eta pertsonalki asko disfrutatzen dut proba hauetaz. Gehienek kutsu herrikoia izaten dute eta herrietan festa giroa izaten da beti, eta normalean saririk onenak ere lasterketa hauetan ematen dituzte, saskiak, bazkariak, txapelak… ederki pasatzen dugu.

Hala ere, gurekin lehia munduan aritzen diren beste taldeetako patinatzaile gutxi animatzen dira lasterketa hauetan parte hartzera, garrantzi gutxi ematen diete, eta honekin ez nago ados. Azken finean, gure kirola sustatzezko eta herrietan ikustarazteko ditugun erakusle nagusiak dira, eta proba hauetan parte hartzea, lehia munduan aritzen garen patinatzaileon erantzukizuna dela iruditzen zait.

Emaitzen aldetik, aurten lehen postuetan egotea zen helburu eta aurkari gogorrak izan ditugunean, talde gisa aritu gara jokoan taldean postu onak lortzeko. Orokorrean, oso ondo atera zaizkit lasterketa hauek, eta esango nuke Behobia-Donostian kenduta podium guztietara igotzea lortu dudala. Beraz, emaitzen aldetik pozik.

 

Ximon Villalobos herritarra, lasterketa bateko helmugara iristen. Arg.: Mariela Larraz.

 

Behobia-Donostian ihes egin zuen dominak azken kilometroan. Zer sentitu zenuen?

Hala da, aurtengo Behobia gazi-gozoa izan dela esango nuke. Egutegian helburu garrantzitsu gisa nuen markatuta eta gogo handiz iritsi nintzen bertara. Gainera, lasterketa osoan zehar oso indartsu sentitu nintzen. Irunetik Gaintxurizketaraino Julen Urkizar taldekidearekin ihes eginda joan nintzen eta benetan irabazteko aukerak nituela sentitzen nuen. Azkenean, Bulebarretik hasita Julen Urkizar (Irristaka Taldea) eta Iñigo Ojuelekin (Desliza Vitoria) esprint luze batean jokatu nituen podiumeko azken bi postuak eta helmugara laugarren postuan sartu nintzen.

Atzera begiratuta, Mirakruzen gora eraso egin izan banu aukera gehiago izango nituzkeela iruditzen zait, esprintean a priori Julen eta Iñigo ni baino azkarragoak direlako. Dena dela, urte gehiago egongo dira Behobia irabazteko eta gainera Aitorren garaipena eta Julenen hirugarren postuak onak izan ziren taldearentzako.

Euskal Herritik kanpo parte hartu al duzu probaren batean?

Udaberriko denboraldian Espainiako txapelketak eta Liga zirela medio, Espainiar estatutik asko mugitu behar izan gera aurten ere. Estatutik kanpo, urte hasieran Belgikan izan ginen Belgikako maratoi txapelketan, Zolder zirkuituan.

Horrez gain pasa den urtean bezala, Lagoseko Europar kopan izan ginen emaitza txukunekin eta udazken honetan Frantzian izan gera pare bat alditan lehian.

Aurten ere ezin izan duzu herriko krosean parte hartu egun berean 15K proba lehiatzen zelako, pena duzu?

Sekulako pena ematen dit azken bi urteotan krosean parte hartu ez izanak. Izan ere, herriko kaleetan lehiatzea berezia da, etxekoak eta lagunak bertan izaten baitira eta herrian giro polita egoten da.

Txikitan, egunen batean etxeko lasterketa hau irabaziko nuela amesten nuen, nire pelikulak muntatzen nituen, non eraso egin eta abar… 16 urte bete arte, urtero-urtero galdetzen nuen ea krosean parte hartzerik izango nuen, eta orain parte hartzeko adina dudanean, ez dut etortzeko aukerarik izaten.

Espero dut datorren urtean egutegiak ez gainjartzea eta Lasarte-Orioako krosean berriro ere parte hartzeko aukera izatea.