Errendimenduko saskibaloi taldeek, batean bale eta bestean kale

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 11

Ostadar Saskibaloi saileko Junior eta Kadete Errendimendu taldeek jardunaldia jokatu zuten zubian. Juniorrak ezingo dira Euskal Ligan jokatu; kadeteek, aldiz, gertuago dute igoera faseko sailkapena

Kadete Errendimendu Urrea taldeak ligaxkako azken txanpara indartsu iritsi dela erakutsi zuen, hilaren 7an, Maialen Chourraut kiroldegian; Antigua Luberri 98-43 garaitu zuen.

Urdin-beltzek ongi baliatu zituzten saskiaren azpian eta pertsonal marratik izandako aukerak eta zazpi puntuko errenta irekitzea lortu zuten lehen laurdenean; 21-14. 

Hurrengo hamar minutuetan, joko erritmoa bizitu zuten urdin-beltzek, defentsan sendo egin zuten lan eta saski aurrean hutsik egin gabe, bigarren zatia lasai jokatzeko aldea lortu zuten, 57-24.

Hala ere, atsedenaldiaren ostean, erritmoa mantendu eta bi laurdenetan nagusi izan zen Ostadar markagailuan; 21-14 eta 20-5 izan ziren partzialak.

Puntu baliagarriak izan dira Euskal Ligako igoera faserako sailkatzeko; egun hirugarren dira urdin-beltzak eta gertu dituzte lehen bi sailkatuak.

Partidako irudiak argazki galerian.

Euskal Ligak, ihes

Bestalde, maila horretan jokatzeko aukerak galdu zituen Junior Errendimendu taldeak igoera faseko jardunaldian. Erronka zaila zuten urdin-beltzek; Easo Basket Irulea sailkapeneko buruaren aurka jokatu behar zuten. 

Ongi egin zion aurre partidari Ostadarreko kideek. Lehia estua eta berdindua ikusi ahal izan zuten herriko kiroldegiko kantxara hurbildu ziren zaletuek; 14-15, 11-10 eta 15-16 izan ziren lehen hiru partzialak. Tamalez, azken laurdenean donostiarrek hiru eta biko jaurtiketekin asmatu eta eurentzat izan zen saria; 42-53 amaitu zen norgehiagoka.

Azken jardunaldia faltan, juniorrak sailkapeneko hirugarren postuan dira. Laugarren postuan dagoen Bera Bera Indabe Elektrizitatea taldearen aurka jokatuko dute, hilaren 13an. Garaipena lortuz gero ere, ezin izango du Euskal Ligarako igoera ematen duen bigarren postua eskuratu. Beraz, neurketa irabaziz faseari amaiera gozoa eman nahi dio Ostadarrek.