Intzako pilotariak, banakako lehiatan aurrera

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 10a

Intza KEko pilotarietako batzuk ez dute atsedenik izan hil hasierako jai egunetan. Ezker Hormako Kluben arteko banakako txapelketa final hamaseigarrenak eta Errendimendu mailako final laurdenak lehiatu dituzte herriko taldeko kideek eta bost kideetatik hiruk aurrera egin dute lehian

Ezker Hormako Gipuzkoako txapelketako partidetan 2. mailako kadeteek hirutik bi irabazi zituzten.

Hilaren 5ean, Oier Elolak final zortzirenetako postua eskuratu zuen Hernaniko Aranburu 10-18 gaindituz. 

Hurrengo egunean, Intzako kide Oier Jauregi eta Kimetz Atorrasagastik jokatu zituzten euren hitzorduak. Biak ederki jardun eta lehia estua izan arren, emaitza ezberdinak eskuratu zituzten. Jauregik ezin izan zuen Arrasateko Osoro gainditu (14-18) eta Atorrasagastik, aldiz, Ilunpeko Larramendi 18-16 garaitu zuen. 

Jauregi eta Arrasateko Osororen arteko partidako irudiak ikusgai galerian.

Alebinetan finalaren bila

Errendimenduko kideek, aldiz, finalerdietarako txartela zuten jokoan Gipuzkoako zein Ekialde txapelketan.

Alain Polvorosak alebin II. mailako neurketa gainditzea lortu zuen Tolosan; Tolosako Loyarteri 2-0 (5-8 eta 5-8) gailendu zitzaion. Eta hilaren 12an, Gaztelupeko Urretagoiena izango du aurkari Gipuzkoako txapelketako finalaren bidean.

Infantil 3. mailako Ekialdeko lehian, nahiz eta Axular Ibarzabalek lehen jokoa irabazi eta bigarrenean estu lehiatu, Hondarribiko Amunarrizek eraman zuen saria; 2-1 (6-8, 8-7 eta 4-2) irabazi zuen aurkariak.

Neguko lehen faseari agur

Bestalde, Negua txapelketako ligaxkako azken jardunaldia jokatuko dute Intzako kideek, hilaren 13an. 

Nagusiek ez dute aukerarik lehiaketan aurrera egiteko. Dena den, Oiarperen aurka neurtuko ditu indarrak bikoteak.

Eta kadeteak azken faserako sailkatu dira dagoeneko; partidarik ez dute jokatuko euren aurkariek txapelketa utzi baitute.