Aterpeak XI. Pintxo Bideko sari banaketa aurrera eraman du. Lasarte-Oriako Udalean izan da hitzordua, eta bertan batu dira aurtengo aldian parte hartu duten ostalariak, epaimahai profesional gisa aritu den Fernando Alonso (Pasaiako Miranda 76 jatetxeko arduraduna) merkatarien elkarteko ordezkariak, eta Sozioekonomia saileko zinegotzi Nuria Fernandez. Egitasmoan parte hartu eta zozketa bidez sarituak izan diren herritarrak ere bertan izan dira.
Agerraldiari hasiera emateko, Aterpeako kide Mabel Pedreirak, Ana Laureanok eta Luis Mari Carballok. Eskerrak eman dizkiete aurtengo edizioan parte hartu duten ostalari guztiei, baita herri epaimahai gisa aritu diren herriko elkarteei eta pintxoak dastatu dituzten herritarrei. Epaimahai profesional gisa aritu den Alonso ere gogoan izan du.
Kozinatu dituzten mokadu guztien maila azpimarratu dute, eta hori dela eta, partaide bakoitza zoriondu dute. Hala, jakinarazi dute ekimenak iraun dituen hiru egunetan 1.500 pintxo inguru saldu direla, eta horren gaineko ondoko adierazpenak egin dituzte: "Horrek adierazten du kanpaina hau arrakastatsua dela, eta ongi zaindu behar dugula, urtetik urtera egiten jarrai dezagun".
Azalpen horiek emanda, sari banaketa egin dute. Lehenik eta behin, herritarrek eta elkarte gastronomikoen mokadu goxoena zein izan den iragarri dute: Oria Txiki. Garaikurra jasotzearekin batera, adierazpen batzuk egin dituzte, eta esan, "oso pozik" daudela. Nabarmendu dute "erdigunetik aparte" dagoen establezimendua izanik, horrelako ekimenak "lagungarriak" direla, eta antzeman dutela jardueraren eragina. Eskertuta agertu dira.
Epaimahai profesionalaren erabakiaren berri eman dute ostean. Alonsok berak eman du bere iritziaren berri; Namie sushiren mokadua izan da bere gustukoena. Aitortu du maila "oso-oso altua" izan dela eta denak ala denak "oso goxoak" iruditu zaizkio.
Alonsok berak eman die garaikurra Namie sushiko kideei, eta azken horiek erabat hunkituta jaso dute. Emozioak emozio, hizketarako tartetxo bat hartu dute, eta hauek ere eskertuta agertu dira. Gogorarazi dute urtebete daramatela Lasarte-Orian, eta horrelako sariek bidea urratzen jarraitzeko indarra ematen dutela.
Pintxo bidea osorik egin dutenak
Zortzi mokaduak jan dituzten bezeroentzat ere saria iragarri zuten Aterpeako kideek, eta horiek ere banatu dituzte. Montse Penas, Carlos Ferro, Aina Rovira, Jose Mari Pavis eta Jose Ignacio Leo izan dira Aterpeako establezimenduetan gastatzeko ehun euroko erosketa txartelen garaileak.