Bizipoza Eskola aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 10a

Hilaren 1eko agerraldiaren uneetako bat. Argazkia: Eusko Legebiltzarra.

Hilabetea hastearekin batera Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean parte hartu zuten Bizipoza egitasmoko zenbait kidek (Maider Izagirre, Nerea Godoy eta Luisma Landaluze), eskolaren proiektua ordezkari politikoei zertan den erakusteko. Nondik norakoak esplikatzearekin batera, aurrerantzean lankidetzan aritzeko proposamena luzatu zieten.

Agerraldi horretan Eusko Legebiltzarreko ordezkariei eskatu zieten Euskal Autonomia Erkidego osoko ikastetxeetara zabaltzea Bizipoza Eskola. Hori gauzagarri egite aldera, zenbait neurriri buruz hitz egin zuten: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Bizipoza lankidetzan aritzea; egitasmoaren eraginkortasuna bermatzea; bizipozaeskola.eus atari digitala osatzea; Bizipoza Eskolak jasotzen ez dituen errealitateak aztertzea eta horiek lantzen dituzten elkarteekin harremantzea; EAEko hezkuntza sistema guztiekin loturak indartzea; eta batzordera eramandako proiektu hori bideragarria izate aldera, erakundeak bere aurrekontu proposamenean jasotzea.

Bizipozako kideek nabarmendu dute "denona eta denontzat beharko lukeen gizarte inklusiboa" eraikitzen jarraituko dutela, "euskaratik eta euskaraz".