Batetik, 0 eta 12 urte arteko haurrentzako produktu sorta prestatu dute, eta, bestetik, 12 eta 16 urte arteko nerabeentzako eskaintza. Webgunean atal bat zein bestea kontsulta dezakezue eta paperezko katalogoa jasotzen duzuenean ikusiko duzue bi aurpegi dituela, adin tarte batena zein bestearena. Digitalak ez bezalaxe, euskarri fisikoak ez ditu erreferentzia guztiak bilduko, esparru bakoitzetik (liburuak, jostailuak, filmak, komikiak, gurasoentzako materiala...) hautatutako zenbait produktu. Udalak jakinarazi duenez, postaz bidaliko diete 16 urtetik beherako biztanle guztiei eta zenbait ale utziko dituzte ikastetxeetan, Udal Liburutegian nahiz udalaren jabetzako gainerako eraikinetan.
Euskarazko Produktuen Katalogoaren 27. edizioa da aurtengoa. Jarduera tradizionala izanagatik, jakinarazi dute atari digitala "etengabe" eguneratzen dutela: "Merkatura ateratzen diren produktu berriak gehitzen ditugu eta ateratzen direnak ezabatzen ditugu", jakinarazi du Alkortak. Horri lotuta, jakinarazi du erabiltzaileek aukera dutela buletin elektronikora harpidetzeko: izena ematen dutenek urtean hamar mezu inuguru jasoko dituzte kaleratutako azken materialen erreferentziekin. "Lasarte-Oriako familiak animatu nahi ditugu katalogoa kontsultatzera eta aurtengo opariak euskaraz betetzera".