Urte amaierako egun seinalatuak ate joka ditugu, eta herriko merkatari eta ostalariak askotariko ekimenak antolatu eta jakitera eman dituzte.
Hil hau astearekin batera, produktuekin betetako otarren zozketa martxan jarri dute. Gauzak horrela, kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan erosketak egiten dituzten bezeroei datu pertsonalekin betetzeko papertxo batzuk emango dizkiete. Horiek izango dira gero zozketen irabazleak aukeratzeko erabiliko dituztenak.
Bestetik, berriz, hilaren 13an, larunbatarekin, txu-txu trena ibiliko da herriko kaleetan barrena. 11:00etan egingo du lehen bidaia, eta 14:00ak arte izango dute lasarteoriatarrek bertan ibiltzeko aukera. Bazkalostean, berriz, 17:00etatik 20:00etara. Hitzordu horren harira, Aterpeak adierazi du "arrakasta handia duen egitasmoa" dela eta herritarrak bertan parte hartzera deitu ditu.
Hirugarrena, berrikuntza
Gabon hauetan, ordea, izango da berrikuntzarik ere. Hilaren 20an gaztaina jatea aurrera eramango dute merkatariek; Okendo plazan izango da, 17:30etik 19:30era bitarte. Antolatzaileek jakinarazi dute, gainera, baserritar jantzita bertaratuko direla, eta lasarteoriatarrak ere hala janztera deitu dituzte. Gaztainak musu-truk jan ahalko dituzte herritarrek, eta, hitzordua amaitu aurretik, 100 euroko sei erosketa txartel zozkatuko dituzte. Aterpeako dendetan erabili beharko dituzte horiek irabazleek. Etxeko txikienek ere izango dute oparitxoren bat eskuratzeko aukera.
Erakusleiho lehiaketarik ez
Aterpeak data hauetan aurrera eraman ohi zuen beste ekimenetako bat izan ohi zen erakusleihoen lehiaketa. Aurten, ordea, ez dute urte sasoi honetan egingo, aurrerago baizik. Hala, udalak Gabon hauetarako jarri dituen argiteri eta apaingarri berriak eskertzeko ere baliatu dute agerraldia.
Agerraldiari amaiera emateko, Gabon zoriontsuak eta Urte Berri ona opa die herritar guztiei eta Soziekonomia saileko zinegotzi Nuria Fernandezek hartu du hitza; merkatariei eskertu die herriko komertzioa bultzatzeko egiten duten lana.