Ostadar SKTko ordezkariak, Real Sociedadeko Naroa Elvia eta Alex Alkain eta Atletico San Sebastian taldeko Nerea Eugi eta Hodei Murgiondo izango dira pistan, euren erregistroak ondu eta lehiaketetan parte hartzeko beharrezkoak diren gutxieneko markak eskuratzeko.
Lehen saioan zazpi probari egingo diete aurre atletek: 60 m. hesi, luzera jauzia (emakumeak), pertika jauzia, pisu jaurtiketa, 60 m. lasterketa, 16 urtez azpikoen 300 metroko lasterketa eta jauzi hirukoitza (gizonak).
Hilaren 14an, 19an eta 27an zein otsailaren 24an izango dira gainerako jardunaldiak eta horietan proba ezberdinei egingo diete aurre kirolariek.
Lehiaketak urtarrila hastearekin bat hasiko dituzte eta martxora arte maila ezberdinetako Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketak jokatuko dituzte herriko atletek txartela eskuratuz gero. Lehena, esate baterako, proba konbinatuetako Euskadiko txapelketa izango da, aipatu hil horretako 3an eta 4an eta bertan egotea espero du Ostadar SKTko Eider Redondo gazteak.
Krosean, txapelketa
Pistatik lokatzera jauzi eginda, egun horretan bertan Txindoki krosa lehiatuko da, Ordizian. Gipuzkoako maila ezberdinetako txapelak jokoan izango dira eta Mari Carmen Olaso zein Aimar Sukuntza herritarrak izango dira lasterka. Euskadiko Kros Ligarako baliagarri izango da proba.