Gogo onez hartu dute aldaketa. "Aurrerapauso kualitatiboa da antolakundearentzat, Mugimendu Sozialistako kide gisa aurkeztu baita IAS". Norabide horretan, "euskal langileriaren autodeterminazio eskubidean eta ondoriozko Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzaren beharra" berretsi dute. "Azken urteotan ugaritu den autonomiazaletasunaren aurrean hori da, gure ustez, zapalkuntza nazionala gainditzeko bide orri eraginkorrena".
Gaineratu dute "ikasle langileen eskubideak" defendatzen jarraituko dutela eta eragilearen aldaketak ahalbidetuko diela "borroka horiek irmotasun handiagoz abiatzea". Udalerriko bertako adibide bat aipatu dute: Oriarte institutuan jarri dituzten kamerak. Hasi dira bertako estudiante batzuekin lanean eta "problema horrekin lotutako egitasmo bat" garatzen. "Bertan ikasten dutenei dei egiten diegu antolatzeko eta gehiegizko bigilantziaren aurrean antolatzeko".
Faxismoari aurre egiteko
Antolakuntza sozialista iruditzen zaie "alternatiba bakarra" faxismoari aurre egiteko. "Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialistak ekarpena egiten jarraituko du, heziguneetako nahiz kaleetako ideia erreakzionarioei [matxismoa, arrazakeria, LGTBfobia...] aurre egiten".
Arestian aipatutako helburu horiek erdiesteko bidean "eragile aktiboa" izaten jarraitzeko asmoa dutela berretsi dute IASeko kideek, Lasarte-Oriakoek zein Euskal Herriko gainerako herri eta hirietakoek.