Euskararen egoera, konplikatua bezain mamitsua

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 4a

"Aktibazioa behar dugu? Bai. Baina gehiago ere bai: egiturak, azpiegiturak eta baliabideak, ahalegina sostengatzeko". Jone Miren Hernandez antropologo eta irakaslearen hitzak dira. Euskararen Nazioarteko Egunean hitzaldia eman zuen Jalgi Kafe Antzokian, 'Gazteon hizkuntza identitatea: eraikitzen ala desegiten?' izenburupean.

Lasarte-Oriako Ernai-k antolatu zuen jarduera eta eragile horretako kide Oier Bergarak jarri zuen gaia testuinguruan: "Larrialdi eta diglosia egoeran dago euskara. Gainera, bere aurkako oldarraldi zantzuak gero eta agerikoagoak dira. Horren aurrean, independentzia iruditzen zaigu hizkuntzak bizirauteko bide bakarra". 

Bergarak egindako galderak erantzuten hasi zen Hernandez ondoren, banan-banan, hausnarketa zehatzagoak eta orokorragoak tartekatuta. "Konplikatua da euskararen egoera; interesgarria ere bai". Begira, adibidez, gizartearen eta hizkuntza horren erritmoen arteko desorekari buruz adierazi zuena: "Gurea bezalako hikzuntza gutxi baten kasuan, denbora eta ahalegin asko behar izaten dugu edozein gauza lortzeko eta gaur egun ez dugu astirik ezertarako. Turbokapitalismoa aipatzen dute aditu askok eta hori ez doa berreskuratze prozesu baten denbora lerro berean".

 

Parekoekiko jarreraz

Antropologoak euskararekin izan duen bilakaera pertsonalari buruz galdetu zioten Ernaikoek, besteak beste. Haurra zenetik etxean jasotakoagatik "oso eskertuta" dagoela adierazi zuen: "Lasarte-Oriara etorri ziren nire gurasoak, hemen geratzeko, eta hemengoa errespetatzeko asmoarekin". Hori izan zen bere abiapuntua eta 15-16 urterekin hasi zen "serio" euskara ikasten, euskaltegian. "Babestuta eta motibatuta sentitu izan naiz beti".

Zentzu horretan, "funtsezkoa" iruditzen zaio euskaraz ari direnekin zer-nolako jarrera duten ingurukoek, oro har. "Interesgarria iruditzen zait nondik entzuten ditugun parean ditugunak". Berak, adibidez, betidanik entzun behar izan ditu aurreiritziak: "Erdal jatorrikoak dira nire abizenak eta, horregatik, askotan esan izan didate 'zeinen ongi hitz egiten duzun gaztelaniazko deiturak izateko" eta antzekoak". Antzekoak entzun ditzateke pertsona arrazializatuek, azal koloreagatik; gazteek, adinagatik; edota emakumeek, generoagatik".

Gazteengan arreta jarrita, azaldu zuen euskararen erabilera dela "kezka iturri nagusietako bat". Horren harira, iruditzen zaio "gehiago zehaztu" behar dela zer neurtu behar den. "Nire irudipena da gazteenek nahikoa erabiltzen dutela, baina noski, segun eta erabilerarena nola ulertzen dugun. Eskolan, institutuetan... aritzen dira ordu batzuez, hori hor dago. Hori bai, hezkuntza zentroetatik kanpokoa da arazoa. Kuadrillak, auzo edota udalerri euskaldunagoak dituzte batzuek, baina beste askok ez. Orduan, gazteek euskara asko erabiltzen dute ala gutxi?". 

Erabilerarekin jarraituta, Iñaki Iurrebaso soziologoaren aipu hau partekatu zuen Jalgira bertaratu zirenekin: "Baldintza orokorrak zeintzuk diren kontuan izanda, euskara beharko genukeena baino gehiago erabiltzen dugula dio". Horrek, Hernandezen iritziz, erakusten du badagoela "inertziak apurtzeko prest" dagoen jendea: "Noski, pertsona horiek gutxieneko tresna eta azpiegitura batzuk behar dituzte". Hausnarketa horrekin segi eta udalerrira ekarrita, adituak uste du gisa horretako "baliabide gutxi" ditugula Lasarte-Orian.

Jaisten ari ote da euskara ahoan darabiltenen kopurua? Segundo batzuk hartu zituen Hernandezek pentsatu eta erantzuteko. "Tira, hiztun potentzialak hor daude eta asko dira; kontua da gero zenbaiteraino jartzen duten ezagutza hori praktikan". Berbadunak izateko gaitasuna dutenetako asko gazteak dira eta antropologoak "bi zutabe nagusi" aipatu ditu, euskarak euren bizitzetan duen tokia zer-nolakoa den irudikatzeko: familia eta eskola. Aurrenekoaren gainean esan zuen komeni dela "ariketa zintzoa" egin eta etxe barruko erabilera aukera guztiak aztertzea; bigarrenari buruz, "izugarrizko lana" egin duela euskal gizarteak esparru hori euskalduntzeko, baina besteetan (lan mundua, aisialdia...) ez duela ahalegin bera eta nahikoa jarraipen ikusi. 

Etzi, gazte afaria

Lasarte-Oriatik independentziara ekimenaren bueltan aurrera eraman zuten atzoko solasaldia, Euskararen Nazioarteko Eguna zela baliatuta. Etzirako (larunbata, hilak 6) antolatu dute beste ekimen bat: gazte afaria egingo dute Xirimiri elkartean, 21:00etatik aurrera, arratsaldean Usurbilen egingo duten agerraldiaren ostean.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Ernai Lasarte-Oria (@ernailasarteoria)