EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Euskara ZUGAN, NIGAN, GUGAN

EUDEL Euskadiko Udalen Elkartea 2025eko abenduaren 3a

EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak prestatutako adierazpenarekin bat egin du Lasarte-Oriako Udalak, Euskararen Nazioarteko Egunean.

Euskarak bide luzea egin du. 
Luzeena, agian, Europa zaharrean. 
Eta hala ere, bere bidea ez da amaitu: bizirik dirau, hazi eta berritzen ari da. 

Zein da sekretua? 
Zein indar, zein ilusio izan da gure hizkuntza gaur arte ekarri duena? 
Milaka urte, milaka pertsona, milaka amets eta ahalegin. 
Norbanakoen indar isilak, belaunaldiz belaunaldi, gure hizkuntza zaharra 
gazte bihurtu du. 

Debekuen aurrean, eutsi genuen. 
Isilaraztearen aurrean, hitza berreskuratu genuen. 
Euskara, gure zaharren hizkuntza izatetik, gazteen hizkuntza izatera pasa 
da. 

Argi-izpi berri hauekin marraztuko dugu etorkizuna. 
Euskararentzat aukera berriak zabalik daude. 
Hazi eta berritu dadin lanean ari gara. 

Bizi garen mundu nahasi eta aldakor honek, ordea, zaildu egiten du 
komunitatearen indarra eta zentzua. 
Hiztun-komunitatea ez da berez mantentzen. 
Zaindu, elikatu eta piztu egin behar da. 

Horregatik, unea da. 
Euskararen erabilerarako eta transmisiorako bide berriak jorratzeko unea. 
 
 
Aisialditik lan munduraino, eta norbanakotik erakundeetaraino, euskaraz 
hitz egiteko gune erosoak sortzeko unea. 
Belaunaldi berrien artean euskararen transmisioa indartzeko unea. 
Euskararen ezagutza zabaltzeko unea. 
Erabilera sustatuko duten ingurune biziak zaindu eta berriak irabazteko 
unea. 
Euskararen biziberritze-prozesuari segurtasuna emateko indarrak biltzeko 
eta urrats berriak eta ausartak egiteko unea. 

Asko dugu egiteko, badugu zer hobetu. 
Eta prest gaude! 
Euskaraz dakiten eta oraindik ez dakitenekin batera. 
Elkarrekin egiteko. 

Eskerrik beroena urte luzez euskara bizi, euskaraz bizi eta biziarazi dutenei. 
Zuen lan isilak ekarri gaitu honaino, eta etorkizunak oraindik ere zuen 
beharra du. 
Pozetik, atxikimendutik, ilusioz eta emozio positiboetatik abiatuta, euskarari 
distira emateko, 
Eta euskara guztion hizkuntza bihurtzeko. 

Euskara da! 
Guztiontzat da. 
Euskara ezagutzen ez dutenentzat ere, ate berri bat da. 
Batzen gaituen hizkuntza bat. 
Elkar ulertzeko gonbidapen bat. 

Mundu berri bat irekitzen zaio euskarari. 
Eta euskararekin, edonori. 
Ate berriak zabaldu eta lur zoru berriak landuko ditugu, denon artean. 
Hazi emankorragoak ditugu lur berria ereiteko. 

Atzeak erakuts diezagula aurrea nola dantzatu. 
Norberetik hasita egingo dugu bidea. 
Guztion baitan baitago euskararen jauzia. 
Zugan, nigan, gugan .