Beltzak entsegu batekin aurreratu ziren arren, nafarrak indartsu erantzun zuten eta atsedenaldirako 12-29 ziren markagailuan. Etxekoak saiatu arren, nafarrek ongi eutsi zieten euren oldarraldiei eta 16-48 amaitu zen neurketa. Jokin Beloki eta Ander Pelaez herritarrak izan ziren hamabostekoan. Ikus galeria.
Ohorezko B Mailako taldeak Cormoran Santander taldea 10-45 garaitu zuen eta Joanes Arroyo herritarra izan zen jokoan.
Euskal Ligako lehen taldeari dagokionez, Gabi Gavilan eta Eneko Arbizu herritarrek BRT Menditarraren aurka entsegua egin zuten arren, beltzek 54-19 galdu zuten.
Emakumezkoan lehen mailan Aizpea Racamonde eta Aitana Lazcano herritarren arteko lehia izan zen Gaztedi eta Gipuzkoa Sortzenen arteko partidan; Racamonde kide duen Gasteizko taldea izan zen garaile, 22-5.
Harrobiko taldeek ere gogor borrokatu zuten eta batzuk aldeko emaitza, besteak aurkakoa jasan zuten. 18 urtez azpiko Zarautz Beltzak Eibar taldeak 19-7 irabazi zion eta 16 urtez azpikoari ihes egin zion Iruñaren aurkako neurketak; nafarrek 29-27 eraman zuten garaipena.
Iberiansekin lehian
Horrez gain, AMPO Ordiziak eta Alex Saleta herritarra kide duen VRAC Quesos Entrepinares taldeek Errege Kopako lehia jokatu zuten. Valladolideko taldea nagusi izan zen 0-22, baina Saleta ez zen neurketan egon; Iberians Castilla y Leon taldearekin ari den lanean.
Hilaren 5ean, Europako Super Kopako jardunaldia du taldea gorriak eta partida prestatzeko egonaldian dago lasarteoriatarra. Bohemian Rugby Warrior talde txekiarraren aurka neurtuko dituzte indarrak Palentzian (Gaztela eta Leon).