EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Euskarazko zaparrada, Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 3a

Euskararen Nazioarteko Egunean 40 bat lagun elkartu dira Okendo plazako arkupeetan, euskaraz hitz eta pitz aritzeko. Gaurko giroa hotza bada ere, parte hartzaileei ez zaizkie mihiak izoztu eta hiru gai hauek izan dituzte hizpide, taldeka, ordubetez: aisialdia, lanbideak eta loteria tokatu berritan egin daitekeenaz.

Mintzodromoaren antolatzaileek (Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzua, Ttakun Kultur Elkartea, Udal Euskaltegia eta Muntteri AEK euskaltegia) ariketaren prozedura azaldu dutenerako solasean ari ziren Okendora bertaratu diren dozenaka pertsonak: ikasmaila, zaletasunak... Mihia, gorputza bezalaxe, denboraz berotzea komeni baita. 

Lauzpabost laguneko taldeak osatu dituzte eta elkarrekin eroso aritzeko prestatutako aulkietan eseri dira, borobilean. Multzo bakoitzeko kideek dinamizatzaile eta zenbaki bana izan dituzte. Hamabost minutuko txandatan hiru gai hauek izan dituzte hizpide: aisialdia, lanbideak eta loteria tokatu berritan egin daitezkeen planak edo kitatu daitezkeen zorrak. Ordu laurdenero, aulkietatik altxa eta beste borobil batzuetan antolatu dira partaideak. Bidaia horretan indarrak berritu eta gorputza berotu dute, kafearekin eta pastekin. 

Euskal Telebistako kazetari eta kameralari bana bertaratu dira enparantzara. Udaleko Euskara zinegotzi Estitxu Alkorta eta mintzodromoko partaide pare bat elkarrizketatu dituzte, gero emititzeko erreportajerako irudiak hartzearekin batera. 

Kontu batzuen eta besteen artean, berehala jo dute goizeko hamaikek. Ordubetez Okendoko estalpean egon ostean, elkar agurtu eta aterkiak zabaldu dituzte, zaparradatik babesteko. Euriak ez ditu busti; euskarak blaitu ditu.

Erlazionatuak