'Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako' eta 'Hezur berriak' lanak saritu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 2a

Ane Labaka Mayoz (ezkerretik, hirugarrena) eta Inge Mendioroz Ibañez (ezkerretik, seigarrena), gainerako saridunekin. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.

Lauaxeta sarien XXI. edizioa aurrera eraman berri dute Bizkaiko Foru Jauregian, euskararen sustapenean, hedapenean eta normalizazioan egindako ekarpenengatik aurten nabarmendu diren norbanakoak edo kolektiboak jendaurrean aitortzeko. Horien artean izan dira Inge Mendioroz Ibañez, Idoia Garzes Aldazabal eta Ane Labaka Mayoz; ikus-entzunezkoen zein poesien kategorietan garaile izan dira.

Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalaren bidez, "euskal kulturaren funtsezko figuretako bat" berreskuratu izana aintzatetsi die epaimahaiak Mendiorozi eta Ibañezi. "Hemendik kanpo, eta baita Euskadin ere, historian garrantzitsuak izan diren emakume asko desagerraraziak izan dira patriarkatuaren indarkeria gisa. Zailtasunez betetako memoria-ariketa batean, film honek Iriondoren lana agerian jartzen du falta diren kontakizunak eskuratuz eta emakume erreferenteen ezabaketa sistematiko honen inguruko hausnarketa sustatuz", gehitu dute.

Bestalde, Poesiako Lauaxeta saria eskuratu du Labakak, 35 urtez azpiko autoreen kategorian, Hezur berriak lanagatik. "Poema goitik beherakoak ditu liburu horrek poetikarako eta gogoangarriak ere bai, hausnarketarako. Behin eta berriro irakurtzeko beharra sentituko du irakurleak, gozamenaren gozamenaz urrenko apurtxo guztien jabe egiteko", baloratu dute, eta honakoa atxiki: "Begirada oso partikularretik begirada zabalago eta sozialago batera be pasetan da hainbatetan, egiaz, dotoreziaz edo egiazko dotoreziaz".