Herritarren irudimena sarituko du Danok Kide elkarteak Eguberrietan

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 2a

Gabonak ate joka ditugun honetan ohikoak izaten dira orotariko apaingarriak, baita jaiotzak ere. Urteak daramatza horren bueltako lehiaketa egiten Danok Kide elkarteak; aurtengoa 32. edizioa izango da. Herritarrek bakarka nahiz taldeka parte har dezakete, betiere lan bakarra aurkeztuta hilaren 18an edo 19an, eragile horrek Blas de Lezo kalean duen lokalean, 17:00etatik 19:00etara.

Adinaren araberako lau kategoriatan banatuko dituzte parte hartzaileak: aurrenekoan, 6 urtetatik 9 urtetara artekoak ariko dira; bigarrenean, 10 urtetatik 13 urtetara artekoak; hirugarrenean, 14 urtetatik 17 urtetara artekoak eta, azkenekoan, 18 urtetik gorakoak. 120, 140, 170 eta 230 euro banatuko dituzte saritan, hurrenez hurren. Horrez gain, jaiotzaren bat aurkezten duen lehiakide bakoitzak 15 euro jasoko ditu parte hartzeagatik.

Esan bezala, lanak hilaren 18an eta 19an jasoko dituzte. Ondoren, epaimahaikideek deliberatu eta saridunak erabakiko dituzte; kategoria bakoitzean lehenengo eta bigarren sailkatuak. Banaketa ekitaldia egun batzuk geroago aurrera eramango dute, hilaren 27an, 12:00etan, Antonio Mercero gunean.

Lehiaketako oinarriak

Argibide orokorrak ematearekin batera, jaiotzek izan beharreko ezaugarriak zehaztu dituzte Danok Kideko ordezkariek. 80x60 zentimetrokoak izan beharko dute gehienez, hondo sendoa dutenak eta errepresentazioan azaltzen diren pertsonaiek ongi finkatuta egon behar dute egituran. Parte hartzaileek gutun itxi bana entregatu beharko dute eskulanarekin batera: kanpoaldean euren adina idatzi beharko dute, eta barrualdean, berriz, izena, helbidea eta telefono zenbakia.

Epaimahaikideek saritutako jaiotzak Muebles Azpeitia dendaren erakusleihoan jarriko dituzte ikusgai. Gainerakoak, aldiz, San Pedro parrokian.