Agustin Valdivia alkateak adierazi duenez, hilaren 21ean sabaiko plaka batzuk erori eta teknikoek sabai aizuneko estruktura herdoildua zegoela ikustean itxi zen igerilekua: "Teknikoek defektu puntuala ez zela ikusi zuten. Arazoa plakak ez zirela konturatu ziren, estruktura bera erdoildua zegoela baizik. Egitura metalikoa izanik, hori erortzea arriskutsua izango litzateke".
Egoera aztertu, gremio ezberdinekin hitz egin eta sabai aizuneko plakak eta estruktura kentzea erabaki du udalak.
Lanak esleitzeko prozesua aste honetan martxan jartzea espero du erakundeak eta horrek hilabete emango duela azaldu du.
Horren ostean, beste hilabete bat aurreikusten dute sabai aizuneko plakak eta estruktura kendu eta igerilekua era seguruan erabilgarri izateko.
Hori dela eta, "urtarril amaiera arte itxita egongo dela uste dugu", onartu du alkateak.
Hartutako irtenbidea egoerari inbertsio handirik egin gabe aurre egiteko modua dela adierazi du alkateak: "Kiroldegi berria eraikitzen egongo ez bagina, sabai aizun berria jarriko litzateke eta azpiegitura denbora luzez itxia egon beharko litzateke. Hartutako erabakiarekin, berezko sabaia ikusiko da igerileku berria izan arte. Ez da polita geratuko, baina erabilgarria eta segurua izango da".
Sabai aizuna isolatzailea izanik, berogailuan gastu gehiago espero duela onardu du Valdiviak. "Sabai aizunak beroa ez joatea eta hotza ez sartzea ahalbideratzen zuen. Lanak eta gero, berogailuaren kostua igoko dela aurreikusten dugu, beroa galduko delako".
Erabiltzaileei irtenbidea
Hilabete horietan igerilekua erabilgarri egongo ez denez, udalak kiroldegiko erabiltzaileei zein konpentsazio eskainiko zaizkien ere iragarri du Alkortak.
Ikastaroren bat egiten ari zirenek bi aukera izango dituzte; bata, dirua itzultzea eta bestea, bestelako ikastaro batean izena emateko aukera.
Bestetik, kiroldegiko abonatuei ere izango dute bere ordaina, baina oraindik zehazteke du udalak: "Ongi aztertu behar da nola egin eta erabakitzerakoan jakin araziko zaie guztiei".
Igerileku itxi bakarra martxan
Era berean, Buruntzaldea guztian Andoaingo igerileku itxia erabilgarri dagoen bakarra dela ere aipatu dute agerraldian. "Gure inguruko kiroldegiek badute bere adina eta gure kasuan, berria egitea justifikatua dagoela uste dugu. Horrez gain, eskerrak eman nahi dizkiogu Andoaingo kiroldegiari, Lasarte-Oriako erabiltzaileak hartzeagatik eta bi hilabete hauetan gure herritarrak hartzeko arazorik ez izateagatik", adierazi du alkateak.