Pintxo goxoez eginiko bidea kozinatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 29a

Aterpea Merkataritza, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak XI. Pintxo Bidea antolatu du. Mokadu ahogozagarriak dastatzeko, ostiral arratsaldetik igande eguerdira tartea izango dute lasarteoriatarrek. Pintxo guztiak hiru eurotan salduko dira. 

Aukeran, bide asko har daitezke. Zenbait erromes Santiagorako bidetik aritzen dira eta korrikalariak, irteeratik helmugara arineketan. Lasarteoriatarrek pintxoen bila joateko bidea egiten dabiltza, asteburu honetan, Aterpea Elkarteak XI. Pintxo Bidea antolatu baitu. Zortzi parte hartzaile dira, aurten; bakoitzak mokadu berezia preparatu du. Alabaina, lehian zazpi arituko dira. Izan ere, Pasai Antxoko Miranda 76 jatetxeko arduradun Fernando Alonsorekin batera aurretiaz egindako aurkezpenera eta dastaketara Lasarte tabernako ordezkariek ezin izan zuten gerturatu, azken kontuak zirela-eta:

  1. Araeta sagardotegiaren ahate konfitatu eta karamelizatutako tipula duen brioche sandwicha.
  2. Arkupe tabernaren perretxiko eta masail kurruskaria, isats saltsarekin. 
  3. Usoak tabernako txipiroi piperra, baratxuri eta almendra saltsaren gainean.
  4. Buenetxea tabernaren itsaski tartarea, Ritz gaileta eta kanonigoekin. 
  5. Namie Sushiren frijitutako arrozarekin egindako tortilla, ahuakate, ganbekin eta Fuji saltsarekin.
  6. Oria Txiki tabernako txuleta, gorringo frijituarekin eta piper berde maionesarekin, brioche txigortuaren gainean. 
  7. Herriko Etxea jatetxearen barrengorriz betetako krepea, pikillo piper eta karbonara saltsarekin. 
  8. Lasarte taberna – Besteren oskol faltsua-anguz metxatutako haragiz betetako perrexila otarrainxka-tartar tropikalarekin eta ozpinetako tipularekin.

Establezimendu bakoitzak papera eta boligrafoa izango ditu euren barretan, asteburu honetan. Pintxoak probatzera joaten den herritar orok dastatu eta bozka emateko beta izango du. Horretarako, 1etik 5erako puntuazioa emango dio. Prozesu horri esker, herritarren pintxorik gustukoena aukeratuko da. Bestalde, epamahai profesionalak aukeratuko du bere ustez ahogozagarriena. Alonso sukaldaria ere arituko da epaile lanetan. 

Dagoeneko Lasarte-Oriako hitzordu kulinario ezinbestekoa bihurtuta, hainbat herritar lokal horietara gerturatu dira. Jasotako harrerarekin kontentu, partaideek datozen egunetan jakingo dute irabazle suertatu diren ala ez. Dena den, parte hartzea irabaztea bezain garrantzitsua denez, lehenengo saria dagoeneko, izan, badute.