Abenduaren 3a da Euskararen Nazioarteko Eguna eta hori aldarrikatu eta ospatzeko, hiru jarduera nagusi zehaztu ditu Alkortak. Egun seinalatuaren bezperan izango da lehena, hots abenduaren 2an. Euskaraz irakurtzeko bitaminak tailerra aurrera eramango dute Manuel Lekuona Kultur Etxeko hitzaldi aretoan. 18:00etan izango da hitzordua, eta antolatzaileek jakinarazi dute helduei zuzenduta dagoela. Mireia Delgado Exposito pedagogo, prestatzaile eta bitartekariak dinamizatuko du saioa.
Hurrengo egunean, abenduaren 3an, mintzodromoa egongo dute. 10:00etan hasi eta 11:00ak bitarte, Okendo plazan. Ekimen hori Ttakun Kultur Elkartearekin elkarlanean aurrera eramango dute, eta nagusiki, Lasarte-Oriako euskaltegietako ikasleei eta giro lasaian hizkuntza praktikatu nahi duten euskaldunei zuzenduta dago.
Azkenik, eta hirugarren jarduera gisa, Tiki-toki bideo laburren lehiaketaren berri eman du Euskara saileko zinegotziak. Ttakun Kultur Elkarteko Gazte Kluba programako 9 eta 12 urte bitarteko haurrentzat prestatutako saioa izango da, eta esaldi dibertigarri, esaera zahar edo aho korapilatsuetatik sortutako bideoekin arituko dira parte hartzaileak. Ikus-entzunezko horien proiekzioa eta sari banaketa abenduaren 5ean izango da, 18:00etan, Manuel Lekuona Kultur Etxean.
Horrez hain, udalak Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionala onartuko du, eta horren gaineko informazio zehatza bidaliko die udal langile guztiei, euskararekiko barne konpromisoa sendotzeko.
Udal Euskaltegiko zuzendari Pili Galanek ere hitz egin du, eta herriko euskaltegietako ikasle oro deitu du egitasmoetan parte hartzera.
Ahalegina, data sinbolikoaz harago
Honako adierazpenak ere egin ditu bere hitzartzean Alkortak: “Abenduaren 3ko data sinbolikoaz harago, gure helburua da euskara urte osoan presente egotea udalerrian, familietan, elkarteetan, kirolean eta baita udaletxe barruan ere”. Gauzak horrela, hori hala izan dadin urte osoan zehar garatu dituzten proiektu eta egitasmoak ere errepasatu ditu. Aurtengo mugarrien artean nabarmendu du AROA Plan Estrategikoa martxan jarri izana. Gogorarazi du ekimen hori datuak eguneratzeko eta diagnostikoa egiteko fasean dagoela; 2026ko lehen hilabeteetatik aurrera aurkeztuko dituzte emaitzak eta jarduera ildo nagusiak. Tresna horri erreferentzia eginez, honakoa esan du Alkortak: "AROA Planari esker, Lasarte-Oriako euskararen egoeraren argazki eguneratua izango dugu, eta zorroztasunez eta parte hartuz, datozen urteetako lehentasunak zehaztuko ditugu”.
GurasoLeku egitasmoa ere ahotan izan du. Familian euskararen erabilera eta transmisioa bultzatzeko ekimena da, eta horren bidez, euskara bere seme-alabekiko harreman hizkuntza izatea nahi duten gurasoentzako baliabideak eta tresna praktikoak eskaintzen ditu; "Badakigu familia ezinbesteko zutabea dela euskararen etorkizunerako; horregatik, Udaletik bide hori erraztu nahi dugu”.
Bertso astea
Uneotan martxan dagoen Imanol Lizardi II. Bertso Asteaz ere mintzatu da. Alkortaren esanetan, jarduera horrek "euskarazko sorkuntza indartzea" bilatzen du, baina ez hori bakarrik, baita bertsoaren kultura belaunaldi berrietara hurbiltzea ere. Gaineratu du bertsolaritzaren etorkizun oparoko gazteak deskubritu eta babestera bideratua ere badagoela.
Ez ditu bazter utzi Lasarte-Orian euskara sustatzeko lan egiten duten eragileei bideratutako diru laguntzak. Ohartarazi du sailak ohiko babes ekonomikoak eta hitzarmenak mantendu eta indartu egin dituela: "Elkarte eta hezkuntza sarea giltzarria da; udalaren laguntzak eguneroko lan hori aitortu eta sostengatzeko tresna dira".
2026rako "programa berriak"
Ate joka dugun urte berrirako Euskara arloko programa berriak lantzen ari direla ere iragarri du Alkortak. Horietako bat kirol elkarte eta klub nagusietan euskararen erabilera bultzatzera bideratuta egongo da. Tresna eta marko estrategikoak eskainiko dizkie eragileei barne funtzionamenduan, bazkideekiko komunikazioan eta, batez ere, eguneroko jardunean hizkuntzaren erabilera hobetu eta areagotzeko.
Bigarren programa, berriz, “Gidabaimena Euskaraz” izenekoa, Euskadiko Autoeskolen Federazioarekin elkarlanean garatuko da eta xede izango du Lasarte-Oriako ikasleek euskaraz ikasteko eta gidabaimena lortzeko aukera izan dezaten laguntzea, bai alderdi teorikoan, bai, ahal den neurrian, prestakuntza laguntzan.