Bi ekipoek neurketa bakarra galdu dute, sailkapen buru den Aiztondo Neskide Kirol Taldearen aurka. Gainera, euren multzoko puntuazioan berdinduta daude, bosna puntu dituzte. Beraz, bigarren postua eskuratzeko partida interesgarria ikusi ahalko dute kiroldegiko kantxara hurbiltzen diren zaletuek.
Errendimendu kategoriako ordezkariek norgehiagoka prestatzeko tartea izan dute ez dute hitzordurik jokatu hilaren laugarren asteburuan. Boleibol taldeko gainerako ordezkariek, aldiz, partidak izan zituzten.
Zorte ezberdina
Euskal Ligako taldeak sendo ari dira jardunean. Etxetik kanpoko neurketak irabazi eta euren multzoetako lehen postuetan mantendu dira.
Lehen taldea ederki borrokatu zen Vialki Jatorkideren aurka Gasteizen (Araba). Lehia estua izan zen puntu bakoitzean, baina Ostadarreko kideak erasoan fin ibili eta 0-3 (24-26, 19-25 eta 18-25) gailendu ziren.
II. mailako taldeak ere ez zuen huts egin Toloboleiren aurka, Usabal kiroldegian. Tolosako taldeak bigarren jokoa (25-23) bereganatu arren, gainerako hirurak urdin-beltzen aldeko izan ziren; 17-25, 12-25 eta 14-25.
Gipuzkoako kopari dagokionez, jubenil mailako taldeak bere balioa erakutsi zuen Donostian. Aldapeta Aren aurka borrokatutako norgehiagoka jokatu zuen. Puntuz puntu, 1-3 (17-25, 25-23, 19-25 eta 22-25) garaitu zuen aurkaria.
Kadete partaidetza kategoriko kideek ezin izan zuten garaipena erdietsi, ordea. Urdin-beltzak partida aurrera joan ahala hobeto jokatu arren, Harresi 1ek 3-0 (25-14, 25-19 eta 26-24) irabazi zuen.
Infantil partaidetzako taldeak ere bere hitzordua galdu zuen. Aldapeta Maria gorriaren aurkako neurketan 1-3koa izan zen azken emaitza (6-25, 25-23, 12-25 eta 14-25).