Txiroaren etxean pozak gutxi irauten omen duela dio esaera zaharrak. LOOPA plataformako kideek horixe uste dute, gero eta pobreagoa dela lasarteoriatarrek euren udalerriko osasun zentroan jasotako arretaren kalitateak. Uda igarota kontentuago zeuden, kupo medikuen betetze mailari dagokionez behintzat egoerak "nabarmenki" hobera egin duelako (toki guztiak betetzera iritsi gabe). Ez dute luzaroan sentitu hori, berriki jakin baitute anbulategi horrek zuzendaririk ez duela, eta horrek asko kezkatu ditu: "Gure ustez, ia 20.000 erabiltzaile artatu behar dituen eta egiturazko egoera zailean dagoen osasun zentro batek nekez erantzungo die gure osasun beharrei".
Hori eta beste kontu ugari kontatzeko elkartu dira gaur goizean Donostiako Ospitalearen atarian, eta baita Donostialdeko ESIko zuzendari-kudeatzaile Maite Martinez de Albenizi aurrez aurreko bilera eskatzeko ere. "Bizi dugunak sortzen digun kezka azaldu eta horri irtenbidea emateko hartu beharreko neurrien gaineko informazioa eskatuko diogu", aurreratu dute. Duela hilabete eta erdi beste agerraldi publiko bat egin zuten, orduko horretan, Gasteizen dagoen Eusko Legebiltzarrean.
Arreta, "normala" izatetik urrun
Lasarte-Oriako osasun zentroaren egoerari buruzko zehaztapen gehiago eman dituzte agerraldian. Esaterako, kupo guztiak ez daudela beteta: batzuek ez dute profesionalik eta beste batzuen betetze maila % 50-60koa da. Horri lotuta, salatu dute langileen bajak, oporrak, baimenak eta bestelakoak ez dituztela ordezkatzen. "Paziente asko ez artatzea eragiten du horrek". Erretiroa hartzen duten beharginen ordezkapenei dagokionez, berriz, "atzerapen handiz" ematen dituztela jakinarazi dute: "Sei hilabete igaro dira azken medikua ordeztu duten arte".
Gaur-gaurkoz, anbulategi horrek 12,5 kupo ditu. LOOPAko kideen aburuz, gehiago izan behar lukete, udalerriaren "ezaugarri soziodemografikoak" direla-eta: 75 urtetik gorako bizilagun gero eta gehiago, horien maila sozioekonomikoa, eta abar. "Ikuspegi sanitariotik, ezinbestekoa da Lasarte-Oria birdimentsionatzea". Aipatu dituzte baita ere itxaron zerrendak luzeak izatea "izugarri" zailtzen duela espezialistengana joatea, batetik, eta Hernaniko larrialdietako eskualde zerbitzua ere ez dela "alternatiba eraginkor bat".
EH Bilduren proposamena
Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean ordezkaritza duten alderdi politikoetako batek, EH Bilduk, proposamen bat egin zuen asteleheneko saioan: aztertzea zer-nolakoa den Lasarte-Oriako nahiz Andoaingo osasun zentroen egoera, bien egoera eraldatzeko helburuarekin. Hori horrela, honakoa eskatu zioten Osasun Sailari:
- Bi udalerri horietako osasun zentroen azterketa "sakona" egitea, kupo medikuen eta horiek betetzeko zailtasunen gainean. Lanketa hori bateko zein besteko beharginekin batera egitea galdegin zuten.
- Lehen Mailako Arreta Unitateetako buruei ahalmena ematea, sei hilabeteko epean, langile guztiekin adostutako ordutegi eta txandaketa proposamena egiteko.
- Beharginek aukera izan dezatela zentro bakoitzeko ordutegia eta lanaldietako orduak egokitzeko, ikusita zer-nolakoak diren arratsaldeko txandak betetzeko zailtasunak. Osasun arretaren kalitatea eta luzarokotasuna lortzea da helburua, horretarako, udalen nahiz erabiltzaileen ekarpenak ere jasota.
- Azterketa gauzatu eta beharrezko aldaketak egin bitartean, aurten amaitu duten egoiliarrei "kontratu luze eta erakargarriak" eskaintzea, Andoainen zein Lasarte-Orian bete gabe dauden tokiek hutsik jarrai ez dezaten.
Alderdi horrek jakinarazi duenez, osasun batzordeak ez zuen proposamena onartu, aurka bozkatu zutelako EAJk eta PSE-EEk.