'Irri Berri' proiektua aurkeztu dute sudurgorriek

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 26a

Argazkia: Katxiporreta

Jazarpenari so jarri dira Lasarte-Oriako pailazoak euren azken proiektua lantzeko. 'Irri Berri' izeneko ipuina, abestia eta gida didaktikoa sortu dituzte Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, eta, horren bitartez, haurrei eta helduei bizikidetzaren eta elkar zaintzaren balioak helarazteko  asmoa agertu dute. Zarautzen egin dute aurkezpen agerraldia, Garoa liburu dendan

Ipuinaren eta musikaren bidez "jazarpenaren prebentzioa eta elkarren arteko zaintza" lantzen dituzte herriko sudurgorriek; haur eta helduen artean "gogoetarako eta hausnarketarako espazio bat" sortu nahi izan dute. Aipatutako ipuin eta abestiaz gain, material pedagogiko gehigarria ere txertatu diote QR kode batean.

Bertan, lehendik Borobilean diskorako sortutako materiala aurkitzeaz gain (bideoklipak, koreografiak, abestiak…), abestia txirulaz jo ahal izateko partitura eta abestiaren playback-a denon eskuragarri jarri dituzte, baita ipuinaren irakurketa eta lanketa sakonagoa ahalbidetuko duen Familien eta hezitzaileen gida ere. Baliabide horren helburua da, elkar zaintzaren garrantziaz hitz egiteko gune goxoak sortzea, bullyingaren prebentzio lantzeko. Horrekin batera, jazarpen kasuetan, helduei "orientazio bide bat" eskaintzea eta ipuinari beste begirada batetik begiratu eta aztertzeko bideak zabaltzea ere lortu nahi dute. 

Aurkezpenean bertan izan dira Aiora Zulaika Pirritx, Jose Mari Agirretxe Porrotx eta Mertxe Rodriguez Marimotots,  baina hirukotea ez da bakarrik egon. Ondoan izan dituzte Nerea Loiola aipatu ipuinaren egilea, Xabi Zabala abestiaren konpositorea, Karmele Gorroño Irrimarra ilustratzailea, eta Irati Galardi Adore proiektuko kidea. 

Durangoko Azoka

Hilaren 5etik 8ra aurrera eramango du Gerediaga Elkarteak aurtengo Durangoko Azoka, eta urtero bezala, Katxiporretako lagunak bertan izango dira. Gauzak horrela, pailazoen lanak erosteko interesa duenak bertan ere izango du euren produktuak erosteko aukera. Horrez gain, jakinarazi dute abenduaren 5ean sudurgorriak Katxiporretaren standean egongo direla, eta bertaratzen diren guztiak "beso zabalik" jasoko dituztela.