Kadete Errendimendu Urreko Ostadar Alvite Arquitecturak ligaxkako azken lau jardunaldiei aurre egungo die hurrengo asteetan. Ligaxkako lehen sailkatua zuzenean igoko da eta hurrengo lau taldeek plaza batengatik lehiatu beharko dute; onenak lortuko du helburua. Egun hirugarren postuan daude urdin-beltzak eta hurrengo hitzorduetan orain arteko maila mantenduz lortuko dute txartela.
Hori dela eta, neurketa garrantzitsua jokatu zuen kadete taldeak hilaren 22an, Maialen Chourraut kiroldegian; bigarren sailkatu den ZAST izan zen aurkari.
Bi taldeak gogotsu atera ziren kantxara. Ondorioz, lehen laurdenean puntu gutxi egin zituzten, 6-4. Neurketa berdindua izango zela zirudien arren, hurrengo hamar minutuetan etxeko taldeak erasoan asmatu errenta handitu zuen, 25-15.
Atsedenaldiaren ostean, zarauztarrak partida parekatzen saiatu ziren, baina urdin-beltzek ongi eutsi zieten eta 16-16ko partziala izan zen. Azken laurdenean berriro ere etxekoek errenta handitu eta garaipena erdietsi zuten, 59-42.
Igoeran estropuz
Junior Errendimendu mailako ordezkariak, aldiz, kanpoan hasi zuen igoera fasea. Easo Basket Irulearen aurka lehiatu zen lehen hitzorduan Lasarte-Oriako taldea eta ez zuen egunik onean izan. Nahiz eta ederki borrokatu, donostiarrek eraman zuten neurketa, 68-57.
Txapelketako horretan ligaxkako bi multzoetako lehen eta bigarren sailkatuak daude lehian: 1. multzoko Saski Axular Izaburu eta Ostadar SKT eta 2. multzoko Bera Bera Indabe elektrizitatea eta Easo Basket Irulea. Lau jardunaldiri egin beharko diete taldeek eta horietan beste multzoko ordezkariak izango dituzte aurrez aurre. Lehen eta bigarren postuan amaitzen duten taldeek Euskal Liga jokatuko dute.
Beste emaitzak
Gainerako taldeei dagokionez gehienek etxean jokatu zuten eta denetariko emaitzak izan ziren.
Denboraldiko bigarren garaipena erdietsi zuen 3. mailako taldeak Errotaundiren aurka. Hasieratik aurre hartu eta bigarren laurdenean nagusi izan zen talde urdin-beltza. Horri esker, gainerako hogei minutuetan ongi eutsi zion aurkariaren erasoari eta 55-52 amaitu zen neurketa.
2. mailako taldeak, aldiz, Ordizia izan zuen aurkari. Nahiz eta etxekoak ordiziarrak eusteko ahaleginak egin, aurkaria 23-79 gailendu zen.
Eta kadete partaidetza taldeek ere ez zuten zorterik izan. Ostadar Urdinak ezin izan zuen Plastigaur gainditu, 33-57 eta Ostadar Beltzak 24-55 galdu zuen ZASTon Martin taldearen aurka.