Auditorioko argiak itzali aurretik Peñalbak, Mendietak eta Cabok hartu dute hitza, parean zituzten ikus-entzuleei ongietorria egiteko eta euren buruak aurkezteko, zentroaren zuzendaritza taldeko kide berri gisa. Eskerrak eman dizkiete familiei Udal Musika Eskolari emandako babesagatik, eta baita bertako irakasleei ere, "eguneroko lana aurrera eramateko erakusten duten konpromisoagatik".
Gitarra, pianoa, zeharkako flauta, biolina eta perkusioa izan dira protagonistak emanaldian zehar. Instrumentu horiekin musika egiten ikasten ari diren estudianteak fin aritu dira, baita oholtza gainean aurrenekoz aritu direnak ere. Hoiengan jarri dute azpimarra arduradunek: "Euren emozio, irribarre eta ahotsak izango dira protagonistak; beraietaz gu bezain harro egongo zaretela espero dugu", adierazi dute, aipatu ikasle horiek lanean hasi aurretik. Lortu dute ikus-entzuleengan sentimendu hori loratzea; interpretazio bakoitzaren ostean txaloak jo dituzte hori erakusteko.
Euskal Herriko nahiz nazioarteko pieza ugari ekarri dituzte auditoriora, bakarkaka zein taldeka, bakoitzak bere instrumentuarekin. Kontzertuko azken hiru emanaldietan goraino bete dute oholtza, musikariez gain abeslari gaztetxo ugari igo baitira kantatzera. Ikusi mendizaleak, Musikalean eta Do Re Mi interpretatu dituzte.