AZAROAK 25

Dei ozena egin dute feministek: "Ez dago erdibiderik; lerratu zaitezte"

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 25a

Dozenaka herritar manifestatu dira erdigunean barrena, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean. Lasarte-Oriako gazte feministek antolatu dute ekintza, 'Konplizitate sareen aurrean erresistentzia feminista' lelopean.

Arratsaldeko zazpiak pasatxo abiatu dira manifestariak Okendo plazatik. Kale Nagusira irten eta Tajamar biribilgunera iritsi direnean bengala pare bat piztu dituzte antolatzaileek (Erreakzioari lubaki feministatik erantzun lelodun afixa ere erakutsi dute), baita euren deiari erantzun diotenen grina ere. Orduan hasi dira "Gora borroka feminista!" eta antzeko aldarriak oihukatzen. Errotonda horretan buelta eman, Kale Nagusian barrena segi eta Hipodromo etorbiderantz egin dute, abiatu diren enparantzara bueltatzeko. Bertan, udalerriko gazte feministen taldea osatzen duten bi ordezkarik hitza hartu dute, gaurko mobilizazioaren arrazoiak azaltzeko.

Hasteko, nabarmendu dute indarkeria ez dutela ulertzen "soilik erailketa matxista, bortxaketa edota salaketa bidez". Emakumeen aurkako eraso denak "egungo sistema zisheteropatriarkala, arrazista eta koloniala erreproduzitzea ahalbidetzen duten forma eta egitura gisa" interpretatzen dute: "Sinesten ez gaituen justizia sistema, polizien zalantzak, instituzioen hitz hutsak, eskuin muturraren zein faxismoaren gorakada, arrazakeria, transfobia, femnismoaren aurkako diskurtsoak inpunitate osoz zabaltzea...", zerrendatu dituzte. Mugimendu horrek erantzuteko duen gaitasuna aldarrikatzearekin batera, horren kontrako erantzunak salatu dituzte: "Oihuak, txistuak, egindako lan guztia zalantzan jartzea eta berbiktimizazioa jasaten ditugu emakume trans eta bollerok".

Hori guztia ez da ausaz gertatzen, feministek azpimarratu dutenez. Hori garbi adierazteko arrazoiak aletu dituzte: "Erreakzionarioek beharrezkoak dituzten gorroto diskurtsoak, haien sistema erreproduzitzen jarraitzeko; instituzioek indarkeria matxista eta arrazista lehen mailako arazo politikotzat ez hartzea; gizonen arteko anaitasuna; gorputzen burujabetzaren aurkako diskurtsoak; edota feminista ez den justizia sistema". Kontu horiek denak isolatuak ez izateaz gain, "aliantzan" daudela zehaztu dute eta horrek betikotzen dituela "egitura zapaltzaileak". 

Lasarte-Oriako egoera

Testuinguru orokorra marraztu eta gero udalerrira ekarri dute "gizonen konplizitate sareak eraikitzen jarraitzeak eta feminismoari zilegitasuna kentzeak" dakarrena. "Ez da urrutiko adibidea honakoa: duela urte gutxira arte udalak ez zuen Berdintasun teknikaririk; desegin eta baliogabetu egin dute herriko mugimendu feministarekin batera osatutako mahaia; eta festetako protokolo feministarik gabe jarraitzen dugu".

Horren guztiaren aurrean "beharrezko" ikusten dute antolatzea, feminismotik eraikiko dutelako "indarkeriarik eta zapalkuntzarik gabeko herria". Are gehiago, feminismoz bustiko dituzte plazak, kaleak, jaiak, eszenatokiak, lantokiak, eta abar. Ardurak hartzen eta, batez ere, "ardurak hartzea exijitzen" segiko dute: "Ez dago erdibiderik, lerratu zaitezte: feminismoaren alde, arrazakeriaren kontra, justizia feministaren alde, erasoen kontra, borrokarako sareen alde, anaidien kontra, egiturak apurtzearen alde eta zapaltzen gaituzten egituren kontra". 

Bukatzeko, gaur mobilizazioak egin dituzten gainerako herri eta hirietan bezalaxe, "gora borroka feminista!" oihukatu dute.

Erlazionatuak

Arratsaldeko manifestazioaren bideo laburpena

Txintxarri Aldizkaria aza 25, 20:35 Gizartea