Ezker Hormako Gipuzkoako txapelketan ari dira Intzako kadete mailako ordezkariak. Batzuk bakarkako lehian murgildu dira eta binakakoan, aldiz, lehen fasea amaitzear dute.
Buruz buruko lehiaketan, bigarren mailako bi partidari egin zieten aurre Kadete 2. mailako ordezkariek eta emaitza ezberdinak izan zituzten Michelin pilotalekuan jokatutako neurketetan.
Oier Jauregi nagusi izan zen Gaztelupeko Aranbururen aurka; 18-2 gailendu zen. Eta Oier Elolari berdindua zirudien norgehiagokak, azken tantoetan ihes egin zion eta Tolosako Juantorenak eraman zuen garaipena, 16-18.
Binakako lehian, aldiz, Intzako bikote bakarra dago txapelketan. Kadete 3. mailako kideak sailkapeneko lehen hiru postuetan geratzeko lehian ari dira eta partida garrantzitsua izan zuen hilaren 21ean, sailkapeneko LAPKE 1en aurka. Bikoteek neurketa gogorra jokatu zuten baina emaitza lazkaotarren aldeko izan zen, 22-16.
Horrez gain, binakako Negua txapelketa ere martxan da eta lehen jardunaldian Intza KEko nagusi zein kadete mailako ordezkariek aurkari bera izan zuten, Aloña Mendi.
Nagusiak etxen lehiatu ziren. Nahiz eta hasieran neurketa berdindua izan, oñatiarrek ihes egin eta 14-22 irabazi zuten.
Oñatin, aldiz, kadeteek argi utzi zuten oraindik tokeko pilotara moldatu behar direla; 22-10 galdu zuten.
Teknifikazio saioak
Intza KEko entrenamenduez aparte, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) aurten ere teknifikazioa proiektua jarri du martxan. Egitasmo horrek lurraldeko pilotariei entrenamendu tekniko pertsonalizatua eskaintzea du xede eta Intzako hainbat kirolari izan dira aukeratuak jardueran parte hartzeko. Oier eta Irai Jauregi anaiak, Itxaso Iparragirre eta Kimetz Atorrasagasti Donostia eta Asteasuko saoetan egongo dira lanean.