Beltzek denetariko emaitzak izan dituzte euren hitzorduetan

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 25a

Beltzak RTko jokalariek hiru partida jokatu zituzten hilaren 22ko eta 23ko asteburuan. Txanponaren bi aldeak bizi izan zituzten herriko taldeko ordezkariek

Euskal Ligako I. mailako neurketaz gozatu zuten zaletuek Atsobakar kirol gunean. Getxo Etorkizuna izan zuen aurrez aurre Gipuzko Sortzen taldeak. Beltzek ongi borrokatu arren, bizkaitarrek eraman zuten garaipena, 10-24; Mikel Ibisate herritarrak entsegu bat egin zuen.

Zarautzen, aldiz, Ohorezko B mailako taldeak erraz garaitu zuen Iruñeko La Unica Rugby taldea. Hasieratik aurre hartu zuten eta 47-5 amaitu zen norgehiagoka. Jokin Beloki herritarra aulkian hasi eta bigarren zatian atera zen jokatzera.

Era berean, Erkidegoen arteko CESA txapelketako bigarren jardunaldia lehiatu zen eta Euskadiko taldeek Valentzia Erkidegoko ordezkariak izan zituzten aurkari. 

17 urtez azpiko taldean izan zen bakarrik Lasarte-Oriako ordezkaritza, Aitana Lazcano. Emakumeen taldeak Valentzia hiriburura egin zuen bidaia. Tamalez, aurkaria nagusi izan zen eta 25-0 gailendu zen. Lazcano bigarren zatian atera zen zelaira. 

Hilabeteko azken asteburuko hitzorduei dagokionez, Euskal Ligako II. mailako lehia izango da Lasarte-Orian, hilaren 29an. Aurreko astean Ohorezko B mailan jokatutako talde berdinek neurtuko dituzte indarrak, Gipuzkoa Sortzen eta La Unica RT.