Ekitaldia sorpresa batekin hasi zen. Izan ere, txistulariek harrera egin zieten Manuel Lekuonara gerturatutako guztiei. Ez da ohikoa izaten eserlekua topatzerakoan, txistuz eginiko doinuak izatea soinu banda. Alabaina, ostiral honetakoak arrazoi jakin bat zuen, Idoia Garzes Aldazabal beraiekin aritzen baita Lasarte-Oriako ekintzak girotzen. Eurek ezusteko horrekin agurtu nahi izan zuten kidea gidoilari lanetan aritutako Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentala herrian erakutsi aurretik. Inge Mendioroz Ibañez zuzendariarekin eta muntatzailearekin batera etortzean, Garzesek pozarren jaso zituen; saltoka eta irribarretsu. Mendiorozek telefono mugikorra atera eta eszena grabatu zuen, haren keinuak ere barrea erakusten zuen. Besarkada eta muxu bana emanda, denak batera, aretora sartu ziren.
Hirurogeita hamar minuturen bueltan, tertuliari ekin zioten bi egileek. Aurretiaz, salatik at, obraren azken sekuentziak begiratzen aritu ziren, euren artean hainbat kontu gogora ekartzen, ziurrenik. Beste behin, Mendiorozek hainbat une betirako erregistratu zituen sakelekoari esker. Aretoan sartzerakoan, Ibañezek eta Garzesek txalo zaparrada jaso zuten herrikideengandik.
Ikus-entzunezkoaren germenari buruz aritu ziren. Horren harira, Mendiorozek jakinarazi zuen beste lan batean buru-belarri zela errotu zuela lehen sustraiak, duela hiruzpalau urte. Mikel Laboa Katedrako hitzaldia batera joan, eta bertakoek esan zioten Lurdes Iriondoren gaineko "zerbait" egitea. Tertulian, zintzoki adierazi zuen bere etxean ez zegoela Iriondoren diskarik eta harekiko irudi zaharkitua zuela. Dena den, ikertzen hasi eta berehala konturatu zen bazegoela istorio bat. Hortik gutxira, Iriondok 1967an argitaratutako Zeruko Argia-n argitaratutako Euskalerriko eskaleak artikuluarekin topo egin zuen. Bertan urnietarrak kulturgileei aitortza egiten zien. Testu horrekin batera, Iriondorekiko ideia erabat transformatu eta Idoia Garzes Aldazabalengana jo zuen gidoia idazten hasteko.
Erronka nagusia gidoiaren aldetik etorri omen da. Biek ala biek aitortu zuten Iriondo hilda egoteak harekin hitz egiteko aukera erabat deusezten zuela. Hala ere, zuzendariak eta muntatzaileak argi zuen narratzaileak nork behar zuen izan: "Lurdes berak egingo zuen bere istorioaren kontalaria". Ez zuen horrelako formatuen hainbatetan egin ohi diren "irakurketarik" egin nahi. Berak idatzitako letrak hartu zituzten, elkarrizketatuak eta 60ko hamarkadan idatzitako artikulua, elementu horiek ondu zuten testu literarioa.
Era berean, Mendiorozen ustez testuinguratzea oso garrantzitsua delako, gogora ekarri zuen Lurdes Iriondo oholtzaratutako urteetan, euskara debekatuta zegoela. Hori dela-eta, Ez Dok Amairu taldearekin batera aritutako emanaldiren ikus-entzunezkorik ez dago, emanaldi horiek filmatzeak "ondorioak" ekartzen zituelako. "Frikiren" baten esperoan, zuzendariak plazaratu zuen mugimenduzko irudien bila aritu zela denbora luzez. Tamalez, ez zuen ezer ez topatu. Imajina horien falta ere axuta izan dute.
Elkarrizketatuak elkarrizketatu, zortzi emakumeri egindako elkarrizketek osatzen dute dokumentala: Koro Berasategi Iriondo, Maite Idirin Solatxi, Patxika Erramuzpe Alfaro, Mariasun Landa Etxebeste, Agurtzane Intxaurraga Etxebarria, Amagoia Mujika Tolaretxipi, Ana Guadalupe Fernandez Bilbao eta Jule Goikoetxea Mentxaka.
Hasiera batean, Garzesi gidoia idazteko gonbitea egitean, jorratzeko gaiak zituen, besterik ez. Horiekin gogoetatzean, bost emakumezkoen izenak agertu ziren, inkonszienteki. Euren esparruetan egindako lan dela-eta; esaterako, Mujika izan zen Iriondo elkarrizketatu zuen azken kazetaria, soilik emakumezkoak elkarrizketatzea hautua izan zen, hortik aurrera. Erabaki horrengatik, Ez Dok Amairu proiektuko Irigarairekin eta beste hainbatekin izan zela gaineratu zuen Mendiorozek, eta argi utzi ziela beraiek ez zirela pantailan agertuko. Horren aurrean, gizonezko horiek ados agertu ziren. Horrela isilpean geratutako Lurdes Iriondok "oholtzan eta oholtzatik at egindako isileko lanari" bozgoragailua ipini eta horrekin batera, emakumezkoen komunitatea sortu eta pantailaratu dute Mendiorozek eta Garzesek.
Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentala ikusi nahi duen orok zinema aretoetara gerturatu daiteke, besteak beste, SADE enpresak Donostian duen Principe salara.