Txerriaren inguruan antolatu dute jaia

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 22a

IX. Txerria Hiltzearen Jaia ospatzen dihardu Ama Guadalupe Extremadura Etxeak. Asteburu osoa iraungo du festak, eta hamaika jarduera egiteko tartea izango dute, egun hauetan zehar. 

San Martin eguna pasata, Extremadura Etxekoek txerria hiltzearen inguruan antolatu dute festa. Asteburu osoko festak hasiera izan du ostiralean, arratsaldean piztu baitziren suak eta igandera arte horrela jarraituko baitute. Aurtengo berritasun batekin ekin zioten jaiari; huevecillos jakiak prestatzen, hain zuzen. Aste Santuan jaten omen dute ogi torradaren antzekoak diren goxo hauek. Ogi gogorra, esnea, kanela eta anisa ditu osagai. Ehun bat ale kozinatu zituzten. Sukaldean ziren askok etxean horrelakorik jandakoak zirela aitortu zuten, etxetik ikusitako errezeta dela adierazi. Dena den, aurtengo XIX. Txerria Hiltzearen Jaiaren harira prestatuko dituzte egoitzan, lehendabiziz. 

Bien bitartean, aurrera eraman zuten bi morcilla patatera prestatzeko tailerra; piperrauts biziaz egina bat eta piperrauts gozoarekin, bestea. Odolkiak egiteko teknikarekin txundituta, hainbat pertsona hurbildu ziren galderak egitera. 

Lehenengo eguneko jarduerekin amaitzeko, txerriborda ohiturari buruzko hitzaldia eman zuten. Hizketaldia Extremadura Etxeko lehendakari ohi Angel Barrerak aurkeztu zuen. Berarekin batera hainbat gonbidatu izan zituen; Patxi Larrañaga, besteak beste. Garai bateko tradizioak ekarri zituzten gogora, eta bertaratutakoek tentuz entzun zituzten esateko zituztenak. 

Larunbateko goiza migak prestatzen eta hestebeteak egiten aritu dira. Ohi bezala, migak Estrellak prestatu ditu. Kalean hotza izugarria zelarik, gerora bazkalorduko duten eltzekoaren inguruan bildu dira hainbat sukaldari. 

Hona hemen egitaraua: 

Hilak 22, larunbata

  • 14:30ean, herri bazkaria (eltzekaria).
  • 16:00etan, karaokea.

Hilak 23, igandea

  • 11:00etan, hamaiketakoa: perrunillak, salda eta pattarra.
  • 12:30ean, Redoble jota ikasteko tailerra.
  • 14:30ean, herri bazkaria: pintxo morunoak, urdaiazpiko errea eta postrea.