Mobilizazioak hasiko dituztela iragarri dute Udalaren Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek

Txinxtarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 21a

Argazkia:Txintxarri aldizkaria

Lasarte-Oriako Udalaren Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko beharginak ordezkatzen dituen UGT sindikatuak TXINTXARRI aldizkariari jakinarazi dio aipatu langileek zazpi urte daramatzatela euren lan baldintzak eguneratu gabe. Hala, salatu du dagoeneko  martxan behar lukeen lizitazioa noiz argitaratu zain daudela

UGTk uste du gaur-gaurkoz Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren baldintzak zehaztuko dituen pliegoak argitaratu gabe egotea "justifikaezina" dela. Hori hala izanik, aipatu sindikatuak nabarmendu du Lasarte-Oriako Udalaren jarrera "adar jotzea" dela.  Hala, gogorarazi du aipatu zerbitzuko hitzarmen berria iragan maiatzaren 5ean argitaratu zela buletin ofizialean, eta hala eta guztiz ere, enpresa esleitu berria dagoen unetik aurrera soilik izango dela lan hitzarmen hori eraginkorra. 

SERVEOko beharginek (zerbitzua kudeatzen duen egungo enpresa da), lan hitzarmena zela-eta, mobilizazioak hasi zituzten duela urtebete baino gehiago, baina 2024ko apirilaren 19an, horiek bertan behera utzi zituzten. Erabaki hori udaleko osoko bilkuran langileen aldarrikapen nagusiak jasotzen zituen mozio bat onartu zelako hartu zutela ekarri du gogora aipatu sindikatuak. Halaber, orduko hitzordu hartan adostutakoa gogorarazi dute: "Mozioak, zehazki, 2018tik izoztutako soldatak dituzten langileen lansariak eguneratu ahal izateko aurrekontu partida bat onartzea jasotzen zuen". 

Gauzak horrela, izapide hori gaindituta, hitzarmena aldizkari ofizialean argitaratu eta zerbitzuaren lizitazioa egin arte itxarotea beste aukerarik ez zuten etxen etxeko zerbitzuko langileek. Kontua da, ordea, hitzarmena maiatzaren 5ean argitaratu bazen ere, oraindik orain ez direla argitaratu enpresek lizitazioan parte hartzeko baldintzen agiriak. ​
Egoera horren aurrean, UGTk adierazi du langileak "gutxietsita" sentitzen direla, eta udala "iruzur egiten ari zaiela" iritzi dutela.

Gauzak horrela, egoera hori guztia kontuan hartuta, laster mobilizazioak egitea eta, egoerak aurrera egin ezean, grebara joatea proposatu dute. ​

Sektoreko arduradunarentzat langileek zazpi urtera itxaroten jarraitzea "onartezina" da, eta beste sektore batzuetako kasuak aipatu ditu, udal autobusen zerbitzua kasu: "Kasualitatez sektore maskulinizatuagoa da, eta dagoeneko atera dituzte beren baldintza agiriak".  ​Emakume langileen iritziz, "diskriminazioa" da hori.