Establezimenduen kartoiak biltzeko sistema indartzeko kanpaina bat abiatuko du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 21a

Lasarte-Oriako Udalak herriko merkatariei eta ostalariei zuzendutako informazio kanpaina martxan jarriko du establezimendu horiek sortzen duten kartoiaren bilketa sistemaren kudeaketa hobetzeko. Prentsaurrekoan aurkeztu dute ekimena, Agustín Valdivia alkateak, Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateosek eta San Markos Mankomunitateko lehendakari Eñaut Graciak

Lasarte-Oriako Udalak, San Markos Mankomunitatearen bitartez, 2017tik herriko establezimenduek hondakin gisa sortzen duten kartoiaren zuzeneko bilketa zerbitzua eskaintzen du; bilketa hori "lokalez lokal" egiten dute. 2022an, gainera, Etxe eta Merkataritza Hondakinei buruzko Udal Ordenantza berria onartu zuen erakundeak, eta hain zuzen ere, horrek eredu hori "indartu eta horren funtzionamendua arautzen" du. Egitasmoaren bultzatzaileek azaldu dute ordenantza hori "ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legearekin bat etorrita" egin dela, baita Europar Batasunak ontzien bilketa bereiziaren eta birziklapenaren arloan ezarritako helburuak kontuan hartuta ere, hots, klima aldaketaren aurkako borrokaren eta ekonomia zirkularra bultzatzearen zati gisa.

Agustin Valdivia alkateak gogorarazi du, aipatu ordenantzaren 9. artikuluaren arabera, bide publikoan dauden edukiontzi urdinak "etxeetan sortutako paper eta kartoiak biltzeko soilik" direla. Honako adierazpenak egin ditu: “Saltokiek eta ostalaritza establezimenduek beren kartoia kudeatzeko sistema espezifiko bat dute. Aurkezten ari garen kanpainarekin, arau hori oroitarazi nahi dugu, sektoreari lagundu, eta, aldi berean, gure kaleetako garbitasuna eta irisgarritasuna hobetu. Egungo egoerarekin alderatuta, aurrerapauso bat eman nahi dugu, kartoi komertzialaren zati bat bide publikoan pilatzen baita”.

Ordenantzak zehazten duena betetzeko "derrigortasuna"

Kanpainak helburua bikoitza du. Alde batetik, espaloietan eta espazio publikoetan "kaxa eta enbalaje gutxiago pilatzea". Horrekin, oinezkoak espazio horietatik "errazago igarotzea" eta horien "irisgarritasun baldintzak hobetzea" lortu nahi dute. Bestetik, berriz, bildutako materialaren kudeaketan, balorizazioan eta birziklatzean "kalitate handiagoa bermatzea, emisioak murriztea eta baliabideak aprobetxatzea" ahalbidetu nahi dute. Horren harira, honakoa esan du Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateosek: “Merkataritzarentzat araua betetzea erraza izatea nahi dugu. Nahikoa da kartoia tolestuta adostutako ordutegian prest edukitzea, lokaletan zuzenean jaso ahal izateko. Horrela kaleak moztea ekidingo dugu, espaloiak garbi mantenduko ditugu eta birziklapena askoz eraginkorragoa izango da". 

Udaleko eta Mankomunitateko ordezkariek azpimarratu dute kanpainak eragingo duela martxan dagoen sistema indartzea, egunero sortzen den kartoi bolumena "oso handia" delako eta egungo edukiontziek ezin dutelako pilaketa hori guztia jasan. 

Hala, ohartarazi dute udal ordenantzaren 28. artikuluak zehazten duela saltokietan sortutako kartoia banakako bilketa zerbitzuaren bidez kudeatu behar dutela negozioek. Gauzak horrela, gogoarazi dute sistema horretan parte hartzea "derrigorrezkoa" dela, eta zehaztutakoa ez betetzea udal araudian xedatutakoaren arabera zigor daitekeela. “Gure helburua ez da zigortzea, sistemak funtzionatzea baizik”, argitu du alkateak. 

Informazioa, establezimenduei

Negozio bakoitzak gutun bat jasoko du datozen egunetan; horrek jasoko du kartoi komertzialaren bilketa sistemari buruzko informazio osoa, eta lokal guztietara aurrez aurreko bisitak ere egingo dituzte. Orotara 186 saltokitara joango dira, hilaren 24tik abenduaren 5era bitartean. Bisitaldi horietan, "argi eta garbi" azalduko dizkiete gordailuan uzteko eta jasotzeko ordutegiak, eta zerbitzuaren funtzionamendua negozioen eguneroko errealitatera egokitzeko proposamenak ere jasoko dituzte. Horrekin batera, zerbitzuaren funtzionamenduari, ordutegiei eta baldintzei buruzko zalantzak argituko dituzte, eta eskaerak San Markos Mankomunitateari bideratzeko laguntza ere eskainiko diete. 

Aurkeztutako egitasmoak Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearekin batera egingo dela iragarri dute sustatzaileek, hau da, hilaren 22tik 29ra. Udalak azpimarratu du "aukera ezin hobea" dela oroitarazteko ahal bezainbeste murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea "guztion lana" dela, eta merkataritza eta ostalaritza "funtsezko aliatuak" direla helburu horiek lortzeko. 

Kartoi komertzialaren bilketa zerbitzuari buruzko edozein zalantza argitzeko,  900-84 11 48 doako telefono zenbakira dei dezakete establezimenduetako arduradunek.