Aterpea pintxo ederrak kozinatzeko asmoz agertu dira aurtengo XI. Pintxo Bidean parte hartuko duten herriko zortzi jatetxeak. Horiek jateko oraindik egun batzuk itxaron beharko dituzte herritarrek, baina izan da dagoeneko, mokaduak dastatu dituenik; Pasai Antxoko Miranda 76 jatetxeko arduradun Fernando Alonso, besteak beste. Arestian aipatu moduan, bera izango da aurtengo edizioan epaimahai profesional gisa arituko den sukaldaria.
Semblante Andaluz elkartean egin dute ekimenaren aurkezpena eta bertan izan dira merkatarien elkarteko ordezkariak, udalekoak, eta nola ez, establezimendu parte hartzaileetako ordezkariek. Azken horiek, gainera, euren mokaduak prestatzen aritu dira bertan, aurkezpena egin aurretik.
Lan horiek amaituta, partaide bakoitzak norgehiagokara aurkeztutako jaki bakoitza plater batean dotore zerbitzatu du, eta mahai gainean aurkeztu. Horiek banan-banan probatu ditu Alonsok.
Dastaketa amaituta, papera eta boligrafoa eskuetan hartu ditu Alonsok, eta bere iritziak bildu ditu bertan. Orri hori gutun azal batean sartu ditu. Ekimenaren garailea deliberatzerako orduan jakingo da nor izan den Alonsoren pintxorik gustukoena.
Elkarte gastronomikak eta herritarrak
Elkarte gastronomikoetako ordezkariak ere agerraldian izan dira. Mokaduak probatu eta horien gaineko balorazioak egin dituzte. Horiekin batera kontuan hartuko dituzte ere lasarteoriatarrenak. Pintxo bakoitza 3 eurotan salduko dute, eta establezimendu parte hartzaileetan mokadua jaten duten herritarrek papertxo bat jasoko dute, bertan euren balorazioa egiteko. Epaimahai profesionalak bezala, honako parametro hauek hartu beharko dituzte kontuan: zaporean (% 40); sormena eta originaltasuna (% 25); aurkezpena (% 15); eta, kontsumitutako pintxo kopurua (% 20). Antolatzaileek ohartarazi dute berdinketa gertatzen bada, pintxo gehien saldu dituen negozioa izango dela garailea.
Hauek dira aurtengo pintxo bidean parte hartuko duten mokaduak:
- Araeta sagardotegiaren ahate konfitatu eta karamelizatutako tipula duen brioche sandwicha.
- Arkupe tabernaren perretxiko eta masail kurruskaria, isats saltsarekin.
- Usoak tabernako txipiroi piperra, baratxuri eta almendra saltsaren gainean.
- Buenetxea tabernaren itsaski tartarea, Ritz gaileta eta kanonigoekin.
- Namie Sushiren frijitutako arrozarekin egindako tortilla, ahuakate, ganbekin eta Fuji saltsarekin.
- Oria Txiki tabernako txuleta, gorringo frijituarekin eta piper berde maionesarekin, brioche txigortuaren gainean.
- Herriko Etxea jatetxearen barrengorriz betetako krepea, pikillo piper eta karbonara saltsarekin.
Hasiera batean zortzigarren partaide bat ere aurreikusten zuten, baina azken uneko kontuak medio, ezin izan du agerraldian izan.
Alonsoren balorazioa
Epaimahai profesional gisa aritu den Miranda 76 jatetxeko sukaldari Fernando Alonsok adierazi du "oso maila ona" topatu duela. Nabarmendu du, mokadutxo bakoitza kozinatu duenak bere aldetik "asko" jarri duela, eta lasarteoriatarrei esan nahi izan die "merezi duela" pintxo guztiak dastatzera joatea: "Uste dut pintxo bidea egingo dutenak harritu egingo direla jango dutenarekin". "Zapore eta kolore askoko jakiak" kozinatu dituztela ere azpimarratu du.
Mokaduen aurkezpenari dagokionez, esan du berak plater txikietan ez, handietan zerbitzatuta aurkeztuko lituzkeela, jakiak "zertxobait gehiago apaintzeko aukera" ematen duelako, eta horrela "ikusgarritasun handiagoa" lor daitekeelako. Aitortu du, ordea, bera ez dutela parametro hori neurtzeko deitu, baina iradokizun gisa aipatu nahi izan du.