Intzako pilotariek fase eta txapelketa berriak ekingo dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 20a

Intza pilota eskolako gaztetxoek urria erdialdean Errendimendu txapelketan murgildu ziren eta hilaren 14an eta 15ean lehen faseari amaiera eman zioten eta denetariko emaitzak eskuratu zituzten

Eskolako gazteak infantil eta alebin kategorietan aritu dira lehian. Zehazki Irai Jauregi, Iker Garcia eta Axular Ibarzabal infantiletako maila ezberdinetan jardun dira eta alebinetan, aldiz, bigarren kategorian izan dira jokoan Danel Beldarrain, Amets Sanchez eta Alain Povorosa. 

Azken jardunaldiko emaitzei dagokionez, Jauregik eta Ibarzabalek bakarrik lortu zuten garaipena euren hitzorduetan biek 2-1 irabazi zituzten Behar Zanako Artola eta Mundarroko Sorrondegi ordezkariak, hurrenez hurren.

Sanchezek eta Garciak Txulobiko Carrillo eta Izagirre kideak izan zituzten aurrez aurre eta biek emaitza bera izan zuten; 2-1 galdu zuten. Ikus Sanchezen neurketako irudiak galerian.

Beldarrain eta Polvorosak ere ez zuten zorterik izan; aurkako 2-0ko emaitzaren amaitu zuten neurketa. Lehenak EPLEko Blazquez izan zuen aurkari eta bigarrenak, Oiarpeko Jasdani.

Fase berria

Ligaxkaren fasea itxita, orain Intzako ordezkariak bi lehiaketetan banatuko dira Gipuzkoako txapelketa eta Ekialdeko txapelketa.

Euren multzoko lehen edo bigarren sailkatu diren pilotariek jokatuko dute lehen txapelketa eta gainerakoak, Ekialdeko lehian. 

Gauzak horrela, Intzako Polvorosak, Alebin 2. mailan eta Jauregik, Infantik I. mailan bigarren postuan amaitu dute lehen fasea eta Gipuzkoako txapelketa jokatzeko sailkatu dira. Ekialde txapelketan, aldiz, Sanchez, Beldarrain, Garcia eta Ibarzabal izango dira herriko taldeko ordezkariak.

Azken bi fase horiek kanporaketa sistemaren bitartez jokatuko dira eta txapeldunak abenduaren 22ko asteburuan erabakiko lirateke.

Txanponaren bi aldeak

Horrez gain, Ezker Hormako bikotekako lehian, herriko taldeko federatuak egoera ezberdinei egin diete aurre, batzuk maila jaitsiera jokatu dute eta besteek azken fasea eskuan dute.

Nagusien 2. mailako bikoak maila mantentzeko azken aukera jokatu zuen. 3. mailako Intxurre 2ren aurka neurtu zituzten indarrak Jon Pello Artetxe eta Beñat Olazabalek eta aurkariak 11-22 gailendu ziren. Ondorioz, hurrengo urtean 3. mailan izango da Intza.

Bestalde, Kadete 3. mailako bikoak oraindik bi jardunaldi falta ditu lehen fasea amaitzeko eta Gipuzkoako txapelketako azken fasea jokatzeko aukerak ditu. 

Azken partidan, herriko pilotariek 22-12 irabazi zioten Gazteleku 1 bikoari eta horri esker, sailkapeneko bigarren postuan da buru den LAPKE 1 taldearekin berdindua. Geratzen diren bi norgehiagoken ostean lehen postua eskuratuz gero, finalerako sailkapen zuzena eskuratuko luke bikoak; bigarren sailkatzen bada, berriz, hirugarrenaren aurka lehiatu beharko luke Intzak finalera iristeko.

Bakarka eta Negua txapelketa

Baina Intzako kideek ez dute atsedenik izango, lehia batzuei agur esan eta berriei ekingo diete. 

Taldekide Kimetz Atorrasagasti, Oier Jauregi eta Oier Elolak Ezker Hormako kadete mailako banakako erronka hasiko dute.

Lehen biek dagoeneko jokatu dute txapelketako lehen saioa eta ederki gainditu dituzte euren aurkariak. Atorrasagastik 2-18 irabazi zion Mundarroko Jaramillori eta Jauregik 7-18 Tolosako Gonzalezi.

Bestalde, binakako Negua txapelketa ere hasiko da hilaren 23ko asteburuan eta bi ordezkari aurkeztuko ditu Intza KEk, zehazki nagusi eta kadete mailan.