Horren erakusgarrietako bat da urtero antolatu ohi duten jaialdia, Dibertsitate Funtzionala duten Pertsonen Egunaren bueltan (abenduaren 3a). Hemeretzigarren aldia aurrera eramango dute aurten, hilaren 29an, larunbatez, Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan. Emanaldia 18:00etan hasiko da eta bertaratu nahi dutenek aurrez eskuratu beharko dituzte gonbidapenak. Asteotan jo eta su prestatzen ari direnaren mamia ikuskizunaren egunerako gorde duten arren, aurreratu dute lagun ugarirekin partekatuko dutela oholtza; hala nola Semblante Rociero abesbatzako kideekin edota Erketz EDT taldeko dantzariekin. "Baita den-dena prestatzen laguntzen diguten beste askorekin ere".
Hausnartzeko deia
Ospakizun kutsua duen jaialdi hori baliatuko dute Jalguneko kideek herritarron artean gogoeta sustatzeko. "Aukera paregabea da norbanako zein gizarte gisa inklusioaren, irisgarritasun unibertsalaren eta pertsona guztien eskubideekiko errespetuaren garrantziari buruz hausnartzeko". Hori horrela, adierazi dute nabarmendu nahi dutela eurentzat "indar iturri" izan den aniztasuna.
Jaialdiaren kartela lankidetzan prestatu dute Sara Etxeberria Basoko Maxuxta ilustratzailearekin eta TXINTXARRI aldizkariarekin. Aniztasuna, gure indarra leloa aukeratu dute eta esaldi horren azpian ikusiko dituzue Jalguneko hamalau gazteren argazkiak, bakoitza keinu jakin bat egiten. Irudi horiei marrazkiak gehitu dizkie Etxeberriak, zeinetan islatu dituen Jalgunekoentzat "gozagarri" diren ekimenak: Sorgin Dantza, Zabaletako Jaiak, Mari Domingi eta Olentzeroren etorrera, Santa Ana eguneko parodia, eta abar. "Ikasteko, disfrutatzeko eta, batez ere, pertosna zoragarri asko ezagutzeko aukera eman digute".
