Jon Martinek, lan ona 21 urtez azpiko Espainiako selekzioaren garaipenetan

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 19a

Jon Martin herritarra partidetako batean. Arg.: RFEF.

Jon Martin lasarteoriatarra 21 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin izan da lehian. 2027ko Europako txapelketako sailkapeneko bi neurketa jokatu ditu taldeak San Marino eta Errumaniaren aurka eta bietan garaile izan da

Lehenean, hilaren 14an, San Marinoren aurka neurtu zituzten indarrak gorri-horiek Lugon (Galizia). Hasieratik nagusi izan zen Espainia eta ez zion aukerarik eman aurkariari; 7-0 gailendu ziren. Lehenengoz maila horretako hamaikakoan izan zen herriko defentsa. 

Errumaniaren aurka, aldiz, hilaren 18an aritu ziren 21 urtez azpiko kideak Sibiu-n (Errumanian). Neurketa borrokatua izan zen baina Espainiako taldeak ongi baliatu zituen aukerak eta 0-2 irabazi zuen. Martin partida erabakia zegoela sartu zen zelaian eta emaitza mantentzeko lana egin zuen. 

Saikapen fasean Espainiako selekzioak bost neurketa lehiatu eta guztiak irabazi ditu. Ondorioaz A multzoko lehen postuan da. Hurrengo jardunaldiak 2026ko martxoan lehiatuko ditu; Chipre eta Kosovo izango dira aurkariak.