Xabat Martinek, Gipuzkoako Sariko sailkapeneko burua mantendu du

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 19a

Xabat Martin, lehen saioko proba batean lehian. Arg.: Martin Early.

Pistako Gipuzkoako Sariko bigarren jardunaldia lehiatu zen Donostiako Antonio Elortza Belodromoan. Lehen saioan baino txirrindulari gehiago bildu ziren hitzorduan eta ederki borrokatu behar izan zuten guztiek sailkapen orokorrerako puntuak eskuratzeko

Andoaingo Txirrindulari eskolako kide Xabat Martin herritarrak kadete mailako lehen postua mantendu zuen. Ez zuen lan erraza izan, scratch proban, A multzoan, Nafarroako Rotxabikes taldeko Mikel Mata eta Andoni Costak buruz burukoa izan zuten, baina ongi eutsi zien Martinek eta bigarren postua eskuratu zuen.

Puntuazioan, aldiz, lasarteoriatarrak bere nagusitasuna erakutsi zien nafarrei eta garaipena erdietsi zuen.

Maila bereko B multzoan taldekide Dario Gomezek hamabigarren postua egin zuen scratchean eta hamaulaugarren puntuazioan.

Bi herritar horiei, taldekide Luken Garmendia ere gehitu zitzaien saioan. 

Garmendiak Jubenil mailako A multzoan parte hartu zuen; kanporaketa lasterketa eta puntuazioa lehiatu zituzten kategoria horretan eta herritarra hamaseigarren izan zen lehenean eta bigarrenean, hemezortzigarren.

Hurrengo saioan, hilaren 22an, scratch, kanporaketa eta puntuazioa lasterketak lehiatuko dituzte lehiakideek.