Denboraldiko lehen saioaren antzera, Texas Lasartearra CFk derbia jokatu zuen Ostadar SKTko B taldearen aurka, hilaren 15ean, Michelin futbol zelaian. Bi taldeetako senide eta zaletuen aurrean, zuri-urdinak nagusi izan ziren neurketa osoan zehar eta 7-0 gailendu ziren.
Era horretara, Texas Lasartearrako kadeteek ez du denboraldi honetan neurketarik galdu; zortzitik zortzi irabazi ditu eta 7. multzoko lehen postuan da. Billabona B gertu du; hiru puntura dago. Hirugarren sailkatu Hernani, ordea, zortzira dago. Urdin-beltzen B taldea, aldiz, zazpigarren postuan da.
6. multzoan, aldiz, Ostadar SKTko A taldeak txanponaren beste aldea bizi izan zuen; lehiaketako lehen partida galdu zuen Sanpedrotarraren aurka. Multzoko lehen eta bigarren taldeen arteko norgehiagoka pasaitarren aldeko izan zen, 5-1.
Urdin-beltzak ongi borrokatu arren, ezin izan zituzten aukerak baliatu golak egiteko. Aurkariak ez zuen arazorik izan, ordea eta atsedenaldirako hiru goletako aldea zegoen markagailuan.
Dena den, gainerako zazpi jardunaldietan eskuratutako puntuei esker, sailkapeneko lehen postuan mantentzen dira urdin-beltzak. Sanpedrotarra eta Pasaia B, aldiz, bi puntutara daude.
Bigarren itzuli interesgarria dute aurretik herriko kadete taldeek.