Ohiko legez, Ainhoa Aiertzak aurkeztu zuen saioa. Oholtzara deitutako lehenengo gonbidatua Oliver Cabrera izan zen Donostiako Francisco Escudero Konbertsatoriotik etorritako musikaria. Aurtengo edizioak berritasuna izan zen hura. Izan ere, Euskal Herriko hainbat kontserbatorietako artista gazteak gonbidatu zituzten jaialdira.
Cabrerak nazioarteko egileen piezak jo zituen; hasierako erakustaldian, hiru interpretatu zituen. Haren ondotik, Bilboko Juan Crisostomo Kontserbatorioko Urtzi Larrabeitiren txanda izan zen. Cabreraren antzera, honek ere hiru obra eskaini zituen. Aiertzaren gidalerroei jarraituta, kantu bakoitzaren mugimenduen ostean, ez zuen txalorik egin publikoak. Dena den, bi musikariek amaitzean, txalo zaparrada itzela eskaini zieten.
Ondotik, MoldoDuo taldeak hartu zuen mikrofonoa. Errumaniatik eta Moldaviatik etorrita, Radu Ratoik akordeoia jo zuen eta Stefan Diaconuk, zeharkako txirula. Alabaina, erakustaldiaren atarian, eskerrak emateko tartea aprobetxatu zuten. Ratoik adierazi zuen bere hirugarren jaialdia izan dela aurtengoa, eta oso "gustora" sentitzen dela Lasarte-Oriara etortzean. Hitz horiek esan ostean, bi instrumentuen arteko elkarrizketa musikalari ekin zioten. Grinaz, iaiotasunez eta euren arteko adiskidetasunetik, gogotik jo zuten eta euren keinuek horixe bera erakutsi zuten aulkitik altxatzen baitziren, noizbehinka. Akordeoia perkusiozko instrumentua ere bihurtu zuten.