Pasa den ostiralean VOXen etorrerari erantzuteko deialdiaren balorazio "positiboa" egin dute. Izan ere, haien arabera, benetan "osasungarria" izan da Lasarte-Oriarentzat faxismoari aurre eginez, hainbat herritar bildu izana. Jarraian, jakinarazi dute azkenaldian mezu faxistak edonon entzuten eta jasotzen ari garen arren, "elkartasun sareak" osatzen jarraituko dutela, baita faxismoari, "hortzak erakusten" ere. Hori dela-eta, eskerrak eman dizkiete, ostiral honetan, prentsaurrekora gerturatutako herritarrei, baina batez ere aurrekoan, hitzorduarekin bat egindako guztiei.
Faxistei espaziorik txikiena ere ez uzteko asmoz, "beldurgarria" iruditu zitzaien 70 bat ertzainek osatutako despliegea, aurreko ostiralean, herriko elkargunea den enparantzan. Horren harira, euren oldartzea salatu dute, "modu itsuan eta basatian" porrazoka eta pilotakada aritu baitziren herritarren kontra, protestan izan ala ez, alderdi eskuindarreko ordezkariak alde egin eta berehala. Jarrera gogor horrek emaitza fisikoak izan zituelako, "elkartasuna" erakutsi diete lesionatutako guztiei. Finean, "herritar bati aldaka hautsi zioten, eta gutxienez beste biri porrazoka bortitzak eman zizkieten zauriak eraginez".
Hirugarren aldia omen da VOX Okendo plazara gerturatu dela. Munduko hainbat tokitan gertatzen ari den bezala, euren ustez, ez da kasualitatea "kapitalismoaren krisi sakonean" mezu faxistak areagotzen aritzea. Era berean, adierazi dute badakitela "balore eta diskurtso faxistako alderdia normalizatzeko kanpaina martxa ipini zela duela urte batzuk, espainiar estatuan". Alabaina, horren aurrean, argi dute horiek denek ez dutela lekurik Lasarte-Orian; "euskararen maratoiaren, langileen, sexu eta genero disidentzia libreki bizi nahi dutenen eta arrazakeriari hankak mozten dizkion herrian", hain zuzen. Horregatik eta Lasarte-Oriak bizitako "testuinguru historikoagatik", Buruntzatik Teresategira Lasarte-Oria "askea" eta "antifaxista" aldarriarekin amaitu dute.