"Formatu txikiko bakarrizketa bat da, eta horrek esan nahi du publikoarengandik oso gertu antzezten den lana dela"

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 14a

Argazkia: Idoia Garzes eta Mikel Martinez

Idoia Garzes Aldazabal - Poltsiko Antzerki Sorkuntza lehiaketako irabazlea

'Taxi' antzezlana idatzi du herritarrak, eta testu hori Mikel Martinez aktoreak gorpuztuko du. Obraren gaineko xehetasun batzuk emateko eskatu dio aldizkariak, Garzesi

Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntza lehiaketak Idoia Garzes Aldazabal (Lasarte-Oria, 1973) herritarra eta Mikel Martinez aktorea saritu ditu Taxi antzezlanagatik. Aitortza hori nola jaso duen jakiteko herritarrarekin hitz egin du TXINTXARRI aldizkariak. "Poz handia" eragin diola aitortu du, eta spoiler handiegirik egin gabe, idatzi duen obraren gaineko xehetasunak kontatu dizkio agerkariari. Horrez gain, maiatzean aurrera eramango diren emanaldietara joatera gonbidatu ditu herrikideak. 

Poltsiko Antzerki Sorkuntza lehiaketa irabazi du zuk idatzitako 'Taxi' antzezlanak. Nola jaso duzu berria?

Zoragarri, poz handiarekin. Mikelek [Martinez] eman zidan berri, gauez lan egiten baitut eta egunez lo. Mezutxo bat bidali zidan irabazle ginela jakinaraziz; bera konturatu zen ni baino lehenago.

Nola idazten da antzerki obra bat? 

Bada, ideia on bat edukita eta saiatuta ahalik eta ondoen idazten. Nik ez daukat formularik, Santa Ana Parodiarako testuak idatzi izan ditudan modu bertsuan; lana eginda.

 

"Taxi bezero bilakatuko da publikoa"

 

Zein ezberdintasun dago liburu bat idazteko moduarekin?

Liburu bat edo antzerki bat idaztea ez da gauza bera. Literatura idazterako orduan, niri gustatzen zait irakurleari gauzak xehe-xehe ez ematea, horregatik erabiltzen ditut elipsiak eta horrelako formulak. Antzerkian, berriz, horrelakorik ezin daiteke egin, hain zuzen ere testuari dagokion zerbait ulertzen ez bada, ezin daitekeelako atzera egin. Zuzenekoa da eta ikusleak ez badu harrapatzen zuk prestatutakoa… Beste era batera idazten da antzerki bat. 

Taxilari bat da protagonista. Zer ikusiko dute ikusleek?

Taxilari baten bakarrizketa bat. Oso berritsua da, eta bere kalenturak, abenturak eta desbenturak, hau da ofizioaren ajeak kontatuko dizkie: turismoa, trafikoa, bezero faunarekin izandako pasadizoak, gastuak besterik ez dituela... Aldarte aldakorrekoa da, gainera eta jenio bizia duela ere ohartuko da publikoa. Taxi gidaria izanik, gauzak kontatzen ditu, baina guzti-guztia ere ezin du kontatu. 

Taxi bezeroa bilakatuko da publikoa, eta momentu batean konturatuko da gizon horrek zerbait ezkutatzen duela. Horrekin alerta jarriko da. Tipoak adieraziko du ofizioa utzi nahi duela, baina badago bolantera-edo lotzen duen zerbait, eta da, hain zuzen ere, maitabera dela. Oso da halakoa; atzerako ispiluan markatzen den edozein begi parerekin txoratzen da, enamoratu arte. 

Ikusiko dute gizon horrek baduela beste trapitxeoren bat-edo, ofizioak ez baitu denerako ematen. Oso tratu ona du bezeroekin, iji eta aja ibiliko da horiekin, baina konturatuko dira ez dagoela oso sano. Eta kito, horraino spoilerra [barre egin du].

Formatu txikiko bakarrizketa bat da. Horrek esan nahi du publikoarengandik oso gertu antzezten den lana dela. Niretzat, gainera, aktoreak berak bakarrik defendatzea testua, alboan eskua luzatuko dion inor izan gabe, bada, ikaragarria da. 

Gustuko duzun formatu bat dela dirudi formatu txikiarena.

Bai, ikusle bezala daukazun esperientzia, aktorea bertatik bertara ikustea, zoragarria delako. Horrelako eskaintzak atsegin dituen jendea ere egon daiteke, antzoki handiak baino bestelako espazio intimoagoak nahiago dituena, beraz, iruditzen zait beste publiko mota bat ere bertara daitekeela. Antzerkia da noski, baina beste formatu batean eszenaratzen dena. Iraupenari dagokionez ere, laburragoak dira; gutxi gorabehera 30 minutuko iraupena izaten dute. 

 

"Formatua apalagoa da, eta hori du ona, edonon eszenaratu daitekeela"

 

Zein da lehiaketa irabazi izanaren saria?

Alde batetik 2.500 euro jasoko ditugu obra produzitzeko, hots, jantziak erosteko, edo diseinurako materialerako edo dena delakorako. Uste dut lana erakusteko espazioren bat-edo uzteko konpromisoa ere hartzen dutela. 

Eta gero, maiatzean aurrera eramango den Poltsiko Antzerki Astean hainbat emanaldi egitea; programatuta daude jada, nahiz eta datak ez dakizkigun. Horiek izango dira, poltsiko antzerkia den heinean, tabernetan, leku txikietan, kultur etxeren batean ere agian. Formatua oso gertukoa da. Hori du ona, azken batean edonon egin daitekeela. Gauza apalagoa da, ez da elenko izugarri bat behar, ezta eszenografia handirik ere. 

Elkar ezagutzen duzue Mikelek eta zuk. Badakizue zein den bakoitzaren egiteko modua.

Duela hamar urte ezagutu nuen Mikel, Kafe Bar Bilbao lehiaketan gidoi labur lehiaketa bat irabazi nuenean. Elkar ezagutzen dugu eta berak eskatu zidan Poltsiko Antzerki Sorkuntza lehiaketarako testu bat sortzea; elkarrekin zerbait egiteko proposamena luzatu zidan, eta halaxe egin dugu. Aspaldiko ipuin batean oinarritua dago, baina, oinarria hartuta, aldatu da gero kontakizuna.