"Entzute aktiboa" praktikan jarri dute herriko etxean

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 13a

Bileran parte hartu dutenek talde argazkia atera dute hasi aurretik.

Gipuzkoako eta Lasarte-Oriako sozialisten arteko bilera egin dute Froilan Elespe Herriko Etxean. Lurralde horretako PSE-EEko idazkari nagusi eta Aldundiko Jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensio, beste sail batzuetako arduradun diren Goizane Alvarez eta Azahara Dominguezekin batera, udalerriko proiektu estrategikoak "ezagutu eta indartzera" etorri da. Agustin Valdivia alkatearen eta bere taldeko zenbait zinegotziren eskutik jaso dituzte azalpenak, egoitza horretan egin duten bileran.

"Entzute aktibo" ariketa egitera zihoazela iragarri dute Asensiok eta Valdiviak, bilera hasi aurretik prentsaren aurrean egin duten agerraldian. Balioan jarri dute bilkura mota hori, kontua ez delako hitz egiteko soilik elkartzea, baizik eta ideiak, hausnarketak eta gogoetak partekatu ostean, kasu honetan Lasarte-Oriarentzat onuragarriak izan daitezkeen neurriak hartzea. "Fruitua" eman duten adibidetzat jarri dituzte obretan dagoen Michelingo kiroldegi berria edota Donostia Ormaiztegirekin lotuko duen bidegorria, sare hori osatzeko falta zen "txanpinoien tunela" izenez ezagutzen den "jabetza publikoko zatia" berreskuratuta. Obrak "hastear" daudela jakinarazi dute.

PSE-EEren Gipuzkoako eta Lasarte-Oriako taldeen arteko sintonia "oso ona" dela nabarmendu dute bateko zein besteko ordezkariek. "Lasarte-Oriara etorri gara, gure alderdikideak entzutera, herriak behar duena lehen eskutik azal diezaguten. "Bizilagunekin dugun konpromisoa sendotzen jarraituko dugu horren bidez", adierazi du Asensiok. Premia duten bakoitzean herriko sozialistei jaramon egitea eskertu dio segidan Valdiviak, eta, erdi txantxetan, bileratik "apunteekin" aterako zirela ohartarazi dio.

Bileran mintzagai izan dituztenen artean, "adibide nabarmenenetako bat" da Euskal Autonomia Erkidegoan "ezarpen handiena duen tokiko energia komunitatea". 1,5 milioi euro inbertitu dituztela adierazi du Asensiok: plaka fotovoltaikoak jarri dituzte udalaren jabetzako sei eraikinetan, 743 etxe eta dendaren autokontsumoari "mesede" eginda. Ingurumenaren alorrean aipatu dituzte baita ere Zabaleta eta Zatarain auzoetarako aurreikusita dituzten "babesleku klimatikoak", ur eremuak eta estalkiak izango dituztenak.

Kirola eta mugikortasuna

Ildo beretik, gogorarazi dute martxan jarri dutela Michelingo kiroldegi berriaren eraikuntza eta 1,2 milioi euro inbertitu dituztela  Goizane Alvarezek gidatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Lankidetza Sailaren laguntzarekin. Erakunde horretako beste departamentuetako batekin, Mugikortasunarenarekin, Lasarte-Oriako sozialistek duten lankidetza ere goraipatu du alkateak. "Udalerriko bizilagunek MUGI sistemaren onurez gozatzen jarraitzen dute eta, besteak beste, Manttangorri hiribusa erabiltzeko hobariak, deskontu progresiboak eta bestelako abantailak dituzte eskuragarri". Esparru horren barruan aipatu ditu Goikaleko eta Zabaletako igogailu bertikalen lanak. 

Bilerari ekin aurretik, PSE-EE alderdiak "udal politikekiko eta bizi kalitatearen etengabeko hobekuntzarekiko" duen "konpromisoa" azpimarratu dute. "Ongizatea eta aurrerapena dira guztiontzako Gipuzkoa hobea eraikitzeko oinarriak".