Ostadar Saskibaloia taldeek, ezin aurkaria gainditu

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 12a

Maialen Chourraut kiroldegiko kantxara hilaren 8an hurbildu ziren zaletuek bi mihisez banatutako espazioa aurkitu zuten. Hiru kantxa ezberdin egokitu ziren eta alboetako eremuetan, Ostadar Saskibaloia ataleko taldeek euren hitzorduei aurre egin zieten. Ederki jardun arren, Kadete Partaidetza Mailako Ostadar Beltza zein Infantil Haundi Partaidetza Mailako Urdina taldeek ez zuten aurkaria gainditu ahal izan

Kadeteei, gainera, puntu bakarrarengatik egin zien ihes neurketak. Partida estu eta puntu gutxikoa jokatu zuen Ostadarrek Bera Bera Amararen aurka. 

Lehen laurdenean bost puntuko errenta ireki zuen (12-7) etxeko taldeak. Baina Bera Berako kadeteak ez ziren besoa makur geratu eta aldea txikitu eta markagailuan aurreratu ziren. Azken minutuan Ostadarrek sartutako saskiratzeak puntu batera utzi zuen aurkaria, 14-15. 

Atsedenaldiaren ostean, guztia eman zuten urdin-beltzek eta bi hiru puntu aurretik jarri ziren (23-21). Neurketaren azken minutuetan donostiarrek saskiaren aurrean asmatu zuten, ordea; bi saskiratze eta pertsonal bati esker, garaipena eraman zuten (25-26). 

Infantil Haundi mailako neurketan, bestelakoa izan zen lehia. Kadeteek antzera, urdin-beltzek lehen laurdenean 10-7 aurre hartu zuen, baina Ordiziak hurrengo hamar minutuetan itzulia eman zion markagailuari hamaika puntuko errenta hartuta, 12-23.

Atsedenaldiaren ostean aurkariak erritmoa mantendu zuen eta etxeko taldeak ezin izan zuen ezer egin (13-47). Azken laurdenean Ostadar errenta txikitzen saiatu zen, baina Ordiziarrek ez zieten utzi. 23-59 amaitu zen neurketa.

Garaipenik ez

Saskibaloia ataleko gainerako taldeek denetariko emaitzak izan zituzten:

  • Senior II. Maila:
    Antigua Luberri KE 52 - 38 Ostadar SKT
  • Senior II. Maila:
    Ostadar SKT 51 - 67 Arri BKL B
  • Junior Errendimendua:
    Eskoriatza KE 26 - 65 Ostadar SKT
  • Kadete Errendimendu Urrea:
    Askatuak 64 - 58 Ostadar Alvite Arquitectura
  • Kadete Partaidetza:
    • Bera Bera Manteo 25 - 33 Ostadar Urdina
    • Plastigaur Haundi 35 - 51 Ostadar SKT
  • Infantil Errendimendu Urrea:
    Ostadar SKT 14 - 64 Montajes Iraola ISB
  • Infantil Haundi Partaidetza:
    Hondarribia Ikasbasket A 67 - 16 Ostadar Beltza