Buruntzaldea IKTko alebinek, teknika eta taktika praktikan jartzeko lehen jardunaldia

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 12a

Alebin Liga hasi da eta hitzorduetako bat Lasarte-Oriako Maialen Chourraut kiroldegian egin zen. Bertan izan ziren Tolosaldea, Igartza, Ordizia eta Hernaniko igerilari gazteak lehian, baita Buruntzaldea IKTko Nora Becerra eta Urko Azpiazu ere. Biak ederki jardun ziren eta euren markak ondu zituzten

Becerra 2014 urtean jaiotako kirolarien mailan lehiatu zen 100 metroko bi probatan: bizkar estiloa (01.35,24) eta lau estiloak (01.37,86). Azpiazu, aldiz, 2013. urtekoen mailan parte hartu zuen 100 m. bizkar proban (01.56,86).

Saioaren amaieran ere, talde desberdinetako igerilariak nahastuko seikoetan 6x25 m. krol hankak erreleboa izan zuten.

Prestatzaileak pozik agertu dira bi igerilariek egindako lanarekin: "Lehen jardunaldian euren burua proban jartzeko parada ederra izan zuten eta, markak alde batera utzita, igeriketa teknikan eta taktikan lan egiteko aukera ona baliatu genuen".

Azkenik, Buruntzaldea IKTk "eskerrik beroenak" eman nahi dizkie boluntario lanetan izan ziren Borja Apeztegia, Itsaso Tolosa, Ohiana Gonzalez, Amaia Amiano, Uxue Loinaz, Miren Bardaji, Sebastián Bianchi, Aitziber Martiarena, Unai Salaberria eta Amalur Yuberori: "Euren laguntzarik gabe jardunaldia burutzerik ez genuke izango eta".

Neguko Ligaren jarraipena

Igeriketa taldeko txikiek hilabete bukaera arte itxaron beharko dute berriro ere urtean lehiatzeko. Hurrengo jardunaldia Andoainen izango da, hilaren 29an.

Bien bitartean, absolutu, junior eta infantilek hilaren 15ean euren ligako bigarren hitzordua izango dute Hernanin. Buruntzaldea IKTko kideez gain, Fortuna KEn dauden Ibon Elola eta Kimetz de la Cruz herritarrek ere parte hartuko dute saioan.

Estilo eta distantzia ezberdinei aurre egingo diete bakarka eta 4x100 m. erreleboa ere lehiatuko dute.