Azaroaren 25eko egitaraua iragarri du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 11

Lasarte-Oriako Udalak gaur goizean aurkeztu du Azaroaren 25aren inguruan antolatutako jarduera sorta. Agerraldian parte hartu dute Agustin Valdivia alkateak, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedok eta Sexuen Elkarbizitzarako Emakumearen Zentroko teknikari Maite Iglesiasek. Denek ala denek azpimarratu dute indarkeria matxistaren aurrean "erantzun kolektibo, aktibo eta iraunkor baten garrantzia"

Udal ordezkariek nabarmendu dute indarkeria matxistak “beldur eta lotsa ingurune bat sortzen duela, sufritzen dutenak isolatu eta isilarazteko joera duena”, eta aldarrikatu "laguntza eta erreparaziorako sare komunitarioak ehuntzeko beharra". Gaineratu dute udalek dutela "indarkeria egoerak bizi dituztenak hartu, integratu eta babestuko dituzten komunitateak sustatzeko ardura", laguntza- eta elkartasun-sareak bultzatuta.

Honako adierazpenak egin ditu Acevedok: “Udalak berdintasunarekin eta indarkeria matxistaren aurka duen konpromisoa partekatu egin behar da; komunitate aktiboak, auzo arretatsuak eta indarkeria egoerak bizi dituzten emakumeak adostuko dituzten sareak behar ditugu”.

Iglesiasek, berriz, azpimarratu du gazte-gaztetatik errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzeko hezkuntzak eta gazteen parte hartzeak duen garrantzia. 

Agerraldia amaitzeko, Agustin Valdivia alkateak esan du "emakumeen aurkako indarkeriak gizarte gisa interpelatzen gaituela", eta horregatik udalak lanean jarraituko duela, elkarte eta herritarrekin batera, "indarkeria matxistarik gabeko eta berdintasun handiagoko udalerri bat eraikitzeko". 

Jarraian duzue egitaraua, egunez egun:

  • Hilak 14, ostirala: 
    • 19:00etan, Berdintasunaren alde filmatzen film laburren proiekzioa, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Sarrera doakoa eta gaztelaniaz. 
  • Hilak 25, asteartea:
    • 12:00etan, Okendo plazan, kontzentrazioa. 
  • Hilak 26, asteazkena:
    • 17:00etan, Bideo foruma Biyak Bat zahar egoitzan. Gaztelaniaz. 
    • 18:00etan, 6 eta 8 urte arteko haurrei zuzendutako Berdintasunean irakurketarekin jolastuz ipuin kontaketa saioa Udal Liburutegian. Bertan parte hartzeko aurrez izena ematea ezinbestekoa da. 
  • Hilak 27, osteguna:
    • 17:30ean, Beldur Barik lehiaketako sari banaketa Sexuen Elkarbizitzarako Emakumeen Zentroan. 
  • Hilak 28, ostirala:
    • 17:00etan, ikus-entzunezko euskarriak, Gaztelekuan,  esku hartze komunitarioko zerbitzuko hezitzaileek gidatuta. Bertaratzea, doakoa. 
    • 19:30ean, Taberna Paraiso antzezlana erakutsiko du Makelur Antzerki taldeak kultur etxeko auditorioan. Gaztelaniaz eta sarrera doakoa. 
  • Hilak 29, larunbata:
    • 11:00etan, Indarkeria sexistari buruzko komunitate jarduera, Gaztelekuan, esku hartze komunitarioko zerbitzuko hezitzaileek gidatuta. Bertaratzea, doakoa. 
  • Abenduak 2, asteartea:
    • 18:00etan, Antonio Mercero aretoan literatura saioa (Irakurle Txokoarekin elkarlanean). Uxue Alberdiren Hetero lana hizpide hartuta, solasaldia egingo dute. Aintzane Usandizaga idazleak dinamizatuko du egitasmoa. 
    •