Nahiz eta emaitzak partida erraza izan zela iradoki, neurketa gogorrari aurre egin behar izan zioten Lander Martin eta Jon Arocenak zuzendutako jokalariek.
Etxekoek aukera ugari sortu ahal izan zituzten, baina lehen zatiaren erdialdera arte ez zuten saria eskuratu; gola egin zuten.
Baloia sarean sartu eta minutu gutxira, gainera, errenta handitu zuten lasarteoriatarrek; atsedenaldia 2-0koarekin joan ziren.
Garaipena buruan, gogotsu hasi zuten bigarren zatia etxeko taldeko kideek eta ahaleginak ahalegin, bost minutuetara hirugarren gola markagailura igotzea lortu zuten.
Aurkariek ez zuten amore eman, ordea. Ondorioz, partida trabatu eta gogortu zen eta bi taldeak bost faltarekin jarri ziren. Horri esker, hori-beltzek aldeko penalti bikoitza bota ahal izan zuten eta aldaratzean etxeko taldeak laugarren gola egin zuen.
Jokoak berdin jarraitu zuen eta neurketa amaitu baino lehen bosgarren gola egin zuen Eguzki ISUk beste penalti bikoitzari esker.
Igoera helburu
Aurten mailen izena aldaketekin Erregional I. mailan jotzen ari da Eguzkiko bigarren taldea; zehazki, kategoriako bigarren multzoan.
Baina kategorien izena ez da denboraldiko moldaketa bakarra izan, Eguzki ISU Leihoak taldeak bi prestatzaile ditu Lander Martin eta Jon Arocena eta horrek taldea hobeto lantzeko aukera ematen diela azaldu du Martinek: "Bi gaude entrenatzaile bezala eta alde handia dago bat bakarrik egotearekin, taldeak askoz hobeto lantzeko".
Horri esker, ligako helburua maila igotzea izango dela onartu du. Lortutako emaitzei esker, xedea betetzeko bidean dira hori-beltzak; euren multzoko bigarren postuan dago Lasarte-Oriako taldea, baina argi du Martinek: "Ez dakigu nola izango diren gauzak baina gutxienez igoera fasea jolasteko aukera izango ditugu ziur".
Jubenilek, ezin
Erregional I. mailako kideez gain, Eguzki Areto Futbol taldeko ordezkari guztiek jardunaldia izan zuten; gazteak izan ezik, gainerako taldeek garaipena erdietsi zuten.
Ohorezko Erregional Mailako Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak aurreko jardunaldiko arantza kendu zuen Gaintxu 2-5 garaituta.
Gazteen Mailako Eguzki Lekuona tailerrak gutxigatik (4-3) galdu zuen Lauburu KE Ibarraren aurka.
Kadeteak nagusi izan ziren Samaniego Orixe Tolosala Ikatzaren aurka; 7-1 irabazi zuten.
Eta infantil taldeek ederki gainditu zituzten aurkariak; Patricio tabernak 11-3 Laskorain eta Andatza tabernak 2-14 Aloña Mendi.
Eskola ere lehian
Eta Eguzki Areto Futbol eskolako txikiek ere euren trebetasuna erakusteko aukera izan zuten hilaren 9an, Michelin kirol gunean.
Alebin mailako gaztetxoek Eskoriatza, Mondrate eta Aloña Mendi taldeekin batera topaketa izan zuten. Benjaminek, aldiz, Eskoriatzako ordezkarien aurka jokatu zuten.