Belaunaldi berrien artean euskara sustatzen jarraituko dute ikastetxeetako guraso elkarteek

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 11

Agerraldia egin dute udal ordezkariek eta herriko hiru ikastetxeetako guraso elkarteetako (Oriartekide, Landaberri eta Burunzpe) kideek, lankidetza hitzarmena berritu dutela irudikatzeko. Euskararekin lotura duten hizkuntza ohiturak sendotuko dituen programak eta jarduerak bultzatzeko 89.000 euro jasoko dituzte.

Udalaren izenean Agustin Valdivia eta Euskara departamentuko zinegotzi Estitxu Alkorta bertaratu dira. Biek ala biek balioan jarri dute guraso elkarte horiek egiten duten lana: "Lasarte-Oriako haurren arteko elkarbizitza, berdintasun balioak eta euskararen transmisioa indartzen laguntzen dute". Horri lotuta, nabarmendu dute erakundearen konpromisoa "irmoa" dela "euskararekiko eta hezkuntza komunitatearekiko bultzatutako ekimenei dagokienez". 

Ikasturte honetarako izenpetu duten hitzarmenean programa ugari jaso dituzte, eta baita "berrikuntza nabarmen bat" ere, udal ordezkariek azpimarratu dutenez: hizkuntza zailtasunak dituzten ikasleentzako errefortzu eskolak abian jarriko dituzte Mintza ON zein Hitz eta Pitz programen bidez. Aurrenekoaren bitartez ahozko komunikazioa hobetzeko sareko saioak aurrera eramango dituzte, joko eta antzeko dinamiketan oinarrituta; bigarrengoaren barruan, aldiz, euskararen erabilera sustatzeko jarduera ludikoetan oinarritutako aurrez aurreko ariketak burutuko dituzte.

Aipatutako bi ekimen horiek harrera "oso ona" izatea espero dute Alkortak eta Valdiviak, baita "euskararen erabilera ikastetxeetan finkatzeko balio izatea" ere. 

Elkarte bakoitzaren jarduerak

Lankidetza akordioaren ildo orokorrak azalduta, zehaztasunen berri eman dute hitzarmena izenpetzera bertaratu direnek. Landaberri Guraso Elkarteak ondoko ekimen hauek gauzatuko ditu kurtso honetan: Irria eta Irrintzi aldizkarietarako harpidetzak; Euskaraz tinko patioan eta Mintza ON programak; hizkuntza biografiari buruzko tailerrak eta gurasoentzako euskara ikastaroak; bertso eskola, euskal kultura ezagutarazteko ekintzak eta pertsonaia ezagunen bisitak; eta Gu ere bertsotan saioa.

Oriartekide Guraso Elkarteak jorratuko dituen jarduerak hauek izango dira: Ele-meleka programa DBH eta Batxilergo mailetan; Gazte Batzordea sortzea eta dinamizatzea; Kidetzeak jarduerak; eta Gaztezulo aldizkarirako harpidetza. 

Azkenik, Burunzpe Guraso Elkartekoek egitasmo hauek guztiak landuko dituzte: Gurasoentzako euskara eskolak; euskarazko aldizkarien irakurketa; eskola egutegia egitea; Gu ere bertsotan saioa; Arantzako aterpetxean egonaldiak; eta Hitz eta Pitz proiektua.