Larunbat honetan, hilaren 15ean, aurrera eramango du Behemendi Elkarteak, udalarekin elkarlanean, aipatu egitasmoa. 09:00etatik 14:00etarako ordutegia izango du, eta Okendo plazan izango da. Gauzak horrela, herritarrek bost orduko tartea izango dute bertako baserriko produktuak erosteko. Bultzatzaileek jakinarazi dute orotara 10 ekoizlek parte hartuko dutela, eta horien guztien artean, bi herrikoak direla. Baserriko produktuen eskaintza zabala izango da: barazkiak, gazta, eztia, ogia, loreak, haragia, pateak, jogurtak eta gozogintzako produktuak erosi ahal izango dituzte bertaratzen direnek; Lasarte-Oriako produktuak, berriz, barazkiak eta hazi ekologikoak izango dira.
Sozioekonomiako zinegotzi Nuria Fernandezek honako adierazpenak egin ditu: "Horrelako azokek balio handia dute baserritarren lanari ikusgarritasuna emateko, produktuak herritarrei hurbiltzeko eta landa munduaren eta hiri munduaren arteko loturak sendotzeko". Hitz horiei jarraiki, Behemendi Landa Garapenerako Elkarteko ordezkari Mikel Zendoiak azpimarratu du gisa horretako azokek aukera ematen dutela "tokiko merkatuen tradizioa bizirik mantentzeko eta ekoizle eta kontsumitzaileen arteko topagune berriak sortzeko”.
Agustin Valdivia alkateak, berriz, gogorarazi du tokiko produktua babestea "eredu ekonomiko jasangarriago eta hurbilago baten alde egitea" dela, eta horrek gure inguruan "aberastasuna" sortzen duela.
Herritarrak aipatu egitasmoan parte hartzera deitu dituzte hiru ordezkariek.
Umeentzako jolasak
Azokak irauten duen bitartean, umeentzako egurrezko jolasak ere jarriko dituzte, jardunaldia familia giroko eta aisiako hitzordu bihurtzeko, tokiko produktuaren eta landa bizitzaren inguruan.