Zinemak eta literaturak harreman estua dute. Film askok liburuak izan dituzte oinarri. Asier Altunaren Karmele horren adibide da. Izan ere, Kirmen Uribek idatzitako Elkarrekin esnatzeko ordua nobela izan du gidoirako germena. Alabaina, Altunak ez dio eleberriari osorik eutsi, baizik eta bertako zati bati. Erabaki horren atzean, bi arrazoi izan ditu, eta honela jakinarazi zion Manuel Lekuona Kultur Etxera bertaratutako publikoari.
Alde batetik, kontakizunari kutsu "etxetiarra" eman nahi omen zion. Hori dela-eta, gerra "bigarren mailan" utzita, Karmele eta Karmenen etxeen barrura eraman du istorioa. Ildo beretik, adierazi zuen erabaki horren atzean bere familiarengandik jasotako pasarteek ere zeresana izan zutela, konfliktoaren gaineko kontakizunak mintzaira horrekin jaso izan ditu-eta, txiki-txikitatik, gertutasunetik, hain zuzen.
Bestetik, pelikula gehiegi ez nahastekotik izan du hautuak. Azken batean, Urresti-Letamendia familiak hamaika kontu bizi izan zituen, eta Uriberen liburuak horiek denak jasotzen ditu: Diktadura Frankista, Parisen eta Caracasen egindako exilioa... Hori ez ezik, zinegileak Karmele Urrestiren eta Txomin Letamendiaren seme-alabak elkarrizketatu zituen, euren testigantzak garrantzitsuak baitziren gurasoen bizipenak beste ikuspegi batetik jasotzeko. Material mordoaren aurrean, Altunak aitortu zuen nolabaiteko sotiltasunari eutsi ziola pantailaratzeko testua ontzeko.
Emaitza garaiko pelikula bat da, euskaraz egina. Altunak halako filma egin izanaren aurrean, harritasuna adierazi zuen, aitortu baitzuen ez zegoela "bere planetan" genero honetako lanik egitea. Dena den, Karmeleren eta Txominen istorioa ezagutzean, euren pasadizoek kitzikatu eta "hor" pelikula bat zegoela konturatu zen. Berehala hasi zen gidoiarekin lanean.
Prozesu kreatiboa oso luzea, baina "oso polita eta gogorra" izan dela azpimarratu zuen, ostiralean. Esaterako, grabatzen hasi baino urtebete lehenago, argazki zuzendari Javier Agirrerekin lanean ibili zen, lokalizatzen. Horrekin batera, arropak, makillajea eta orrazkerak ere asko landu zituzten berariazko departamentuek, eta nola ez, musikarekin ere buru-belarri aritu ziren, Letamendia tronpetista aparta izan baitzen. Egindako esfortzuarekin kontentu, Altunaren ustez, Karmeleren sekretua filmatu aurreko preprodukzio lanan datza, eta horren harira, filman lan egindako guztien lana balioan jarri zuen.