Loraldiako kideek euren atari digitalean zehaztu dutenez, duela 50 urte "abangoardiaren esperimentazioan" murgildu ziren Mikel Laboa, Jose Luis Zumeta eta Artze anaiak; Ikimilikiliklik izeneko ikuskizuna plazaratu zuten orduan. Lan "harrigarri eta berritzaile" horretan diziplina ugari uztartu zituzten sortzaileek: poesia, ikus-entzunezkoak, artea, txalaparta... Bost hamarkada geroago, ekimen hori "berrikusi, berrasmatu eta bermoldatu" egin dute belaunaldi ezberdinetako puntako artistek, Edurne Azkarateren zuzendaritzapean. Berria egunkariak ikuskizun horren aurkezpenari buruzko albistean jaso zituen bere hitzak: "Hau ez da omenaldi bat, erreplika bat. Hau elkarrizketa artistiko bat da".