Zatarain auzunetik erdigunera joateko, eta atzera, kaskotik etxera itzultzeko erabiltzen du Manttangorria Daniel Rosquete De Mora herritarrak (Lasarte-Oria, 1983). Venezuelan jaioa izanagatik, bederatzi urte daramatza Lasarte-Orian, eta bertakotzat du bere burua. Pentsa zenbateraino, ezen elkarrizketa honetan bere jaioterria zein zehaztuko nuen galdetu diodanean, Lasarte-Oria jartzeko eskatu didan. Hiribusaren ordutegian aditzera ematen dituen taulak ulertzea ez zaio erraza egin, eta horri irtenbide eman asmoz sortu du Manttangorri aplikazioa. Horren berri eman dio TXINTXARRI aldizkariari.
Zerk bultzatuta sortu duzu Manttangorri aplikazioa? Behar batek agian?
Bai, hori da. Orain gutxi etorri gara Zatarainera bizitzera, eta, noski, herri kaskotik zertxobait aldetuta gaudenez, hiribusa erabiltzeko beharra dut. Zerbitzu horren ordutegiak zehazten dituen taulak kontsultatu izan ditudanean, ordea, zaila egin zait ulertzea. Pentsatu nuen ni nintzela horiek entenditzen ez zituen bakarra, baina inguruko lagunei galdetu nien, eta horiek ere esan zidaten nekez ulertzen zituztela.
Programatzailea naiz, eta arazo horri irtenbide bat bilatu asmoz, aplikazio bat egin nezakeela pentsatu nuen. Iruditu zitzaidan, gainera, niretzat baliagarria bazen, gainerako herrikideentzat ere halakoa izango zela. Gauzak horrela, proba gisako maketa bat egin nuen, eta Ander Etxauri lagunarekin probatu genuen. Manttangorriren geltokietako batetik hurbil bizi da bera, eta esaten zidan, adibidez, bere etxe inguruan dagoen geltoki horretatik nik markatutako orduan pasa ote zen hiribusa edo ez. Horrela doitu ditut ordutegiak. Proba horiek guztiak eginda, prest zegoenean, Android dendan publiko egiteko saiakera egitea erabaki nuen.
Erabiltzaileak, beraz, Manttangorriren ordutegia kontsulta dezake aplikazioan.
Bai, hala da. Lehenik eta behin, GPSaren erabilera onartu beharko du, hau da kokaleku zehatza; hori izango da baimentzeko eskatuko dion atal bakarra. Hori eginda, aplikazioak erabiltzaile bakoitzaren kokapena kontuan hartuta, gertuen dituen bi geldilekuak zeintzuk diren agertuko zaio. Horrekin batera, bi geldileku horietan autobusa, gutxi gorabehera, zein ordutan igaroko den jakin ahal izango du. Orduak bi noranzkotakoak dira, noski, hegoaldera doan autobusarena, eta kontrara, iparralderantz doanarena. Orduak gutxi gorabeherakoak direla diot, aplikazioa ez baitago hiribusaren GPSra konektatuta, eta hori dela-eta, ezin da geldilekutik igaroko den ordu zehatz-zehatza jakin. Erabiltzaile bakoitzari gertuen dituen bi geldilekuak erakustea nahikoa iruditu zait, erabilgarria; iruditu zitzaidan parada guztiak erakustea informazio gehiegi izan zitekeela.
Hortaz gain, pantailaren behealdean eta eskuinean, mapa baten ikurra duen leihotxo bat ere ikusiko dute; hor bai, hor geldileku guztiak agertzen dira. Tartean kolore gorriko puntu bat ere topatuko dute; horrek erakusten du erabiltzailea kontsulta egiten ari den unean autobusa non dagoen, zein paradatarantz doan.
Android sistema operatiboa duten gailua dutenek soilik erabil dezakete aplikazioa.
Bai hala da eta azalduko dizut zergatik. Hori ez da izan iOS sistema operatiboa erabiltzen dutenentzako egin nahi izan ez dudalako, baizik eta Apple-k, bere dendan publikatu ahal izateko urteko 100 euroko lizentzia kobratzen duelako. Aplikazio hau nik nire borondatez egin dut, eta diru kopuru hori nire gain hartzea ez dut bideragarri ikusten, beraz, horrek horrela izaten jarraituko du, harik eta diru kopuru hori bere gain hartzeko prest dagoen inor agertu arte.
Guardian dauden farmazien berri ere izan dezake erabiltzaileak.
Bai. Aipatu dizudan lagunak, [Ander Etxaurik], aplikazioa publiko egitera nindoanean egin zidan informazio hori kontsultatu ahal izateko botoi bat gehitzeko iradokizuna. Ideia ona iruditu zitzaidan, eta hori ere erantsi nuen. Berde koloreko botoi bat da; pantailaren goialdean ageri da, ezkerrean.
"Pentsatu nuen niretzat bezain baliagarri izan zitekeela herritarrentzat"
Eta informazio hori guztia lau hizkuntzatan jaso daiteke.
Bai, hori da, informazioa lau hizkuntzatan eskaintzeko ahalegina egin dut; Adimen Artifizialari laguntza eskatu diot tarteka [barre egin du].
Euskara da lehena, gaztelania ere badu, eta frantsesa eta ingelesa dira beste biak.
Euskarari ere garrantzia eman diozu.
Noski, ezin zen bestela izan. Nik urtebetez ikasi nuen euskara, baina alaben zaintza dela-eta, ezin izan diot jarraipena eman ikasketa prozesu horri. Aitortu behar dizut TXINTXARRI aldizkaria ere lagungarri zaidala bide horretan. Nire hiztegia apur bat aberasteko erabiltzen dut agerkaria eta aukera ematen dit, poliki-poliki euskaraz gehiago ulertzeko. Hitz egitea asko kostatzen zait, dena pentsatu behar dudalako eta pentsatzen dudan hori euskarara ekarri behar dudalako gero. Hori hala izanik, denbora asko behar dut euskaraz zerbait esateko. Irakurtzea errazagoa egiten zait.
Nolakoa izan da App-aren sortze prozesua?
Beti da zaila aplikazio bat hutsetik sortzen hastea, batez ere zer erakutsi nahi duzuna zer den ondo jakin behar baita. Lehenik eta behin, maketa bat egiten duzu, ikusteko zer agertzea nahi duzun. Hortik aurrera, funtzionalitate bakoitza garatu behar da.
Uste dut buruhauste handiena eragin zidana izan zela autobusa pasako zen ordu bakoitza ongi kalkulatzea. Hori kenduta, gainerakoa nahiko erraz joan dela esango nuke. Denborari dagokionez, uste dut astebetean edo aste eta erdian egin nuela.
Publiko egiteko, berriz, gehiago itxaron behar izan dut. Aplikazioak ez du publizitaterik eta ez du erregistratzeko eskatzen, beraz, hori dela-eta, familiako kide guztiek erabil dezaketen app bat da. Hori hala delako, Googlek jarraipen zorrotza egiten du. Segurtasun kontrol asko pasa behar izaten dira, ziurtatu behar baitu nerabe eta gazteek ere erabil dezaketela. Prozesu horrek hilabete iraun zuen, hots Googlek ontzat ematearenak. Hemendik aurrera, ordea, eguneraketaren bat-edo egin behar badiot, errazagoa eta azkarragoa izango da prozesua.
