Ostadar Boleibola saileko ordezkari guztiak lehian ari dira

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 6a

Aurreko denboraldiko kadete taldearen neurketako irudia.

Ostadar Boleibol ataleko Euskal Ligako taldeek urriaren 4an denboraldiari hasiera bazioten ere, jubenil, kadete eta infantil ordezkariek hiru aste gehiago itxaron behar izan dute; urriaren 25ean, Gipuzkoako kopa hasi zuten. Infantilek izan ezik, gainerako hirurek 1-3ko markagailuarekin amaitu zuten lehia, batzuk alde besteak kontra

Garaipenaren puntuak eraman zituen, esate baterako, jubenil mailako taldeak. Usurbil boleibola taldearen aurka borrokatu zen; lehen bi jokoak irabazi (19-25 eta 16-25) ostean, gutxigatik galdu zuen hirugarrenak (25-23). Azkenak, aldiz, ez zion ihes egin (16-25). 

Kadete mailan bi talde izango dituzte urdin-beltzek bata errendimendu kategorian eta bestea partaidetzan eta txanponaren bi aldeak bizi izan zituzten lehen jardunaldian.

Lehenak Aiztondo Neskide KTren aurka neurtu zituen indarrak Maialen Chourraut kiroldegian eta ezin izan zuen aurkaria gainditu (8-25, 25-18, 22-25 eta 19-25).

Partaidetza taldeak, aldiz, Arizmendi izan zuen aurkari eta bigarren seta galdu arren, gainerako hirurak ongi jokatuz, bereganatu zituen; 10-25, 25-21, 14-25 eta 14-25.

Infantil partaidetzako taldearen kasuan ederki borrokatutako neurketa irabazi zuen. Harresi 1 izan zuen aurrez aurre eta bina joko (16-25, 25-19, 17-25 eta 25-21) irabazi ostean, azken setean erabaki zuen talde urdin-beltzak partida (15-0).

Hurrengo jardunaldia

Hilaren 8-9ko asteburuan atseden duten jubenil zein kadete partaidetza taldeek izan ezik, Ostadar SKTko ordezkariek hitzordu berriak izango dituzte.

Euskal Ligako taldeek garaipenaren bidean jarraitzea espero dute euren neurketetan. Lehen mailako ordezkariak Lekeitio Marierrota Boleibol Taldearekin borrokatuko da eta bigarren mailako kideek, aldiz, Universidad de Navarrarekin neurtuko dituzte indarrak.

Gipuzkoako kopari dagokionez, kadete errendimendu taldeak etxean jokatuko du Hernani KE 2ren aurka eta infantilek Arizmendi 1 izango dute aurkari, Eskoriatzan.